Azaroaren 4an izango da Udazkeneko XXIII. eta Mendiko XVII. Argazki Rallya

Uztarria.eus 2012ko urr. 24a, 14:02

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatu du argazki rallya, Lagun Onak Mendi Bazkunarekin elkarlanean. Rallya Loiolan hasi eta bertan bukatuko da, eta azaroaren 24an, zapatua, izango da sari banaketa, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan.

Azaroaren 4an, igandea, izango da Udazkeneko XXIII. eta Mendiko XVII. Argazki Rallya, Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta. Rallyaren ibilbidea Loiolan hasi eta Sistiaga eta Txalintxotik pasata, berriro Loiolan bukatuko da. 

Parte hartzeko izena egunean bertan eman beharko da, 09:00etatik 09:30era bitartean. Horretarako, Perez Arregi plazatxoa 1 zenbakira bertaratu beharko dute parte hartu nahi dutenek. Helduek bost euro ordaindu beharko dituzte eta 16 urtetik beherakoentzako doakoa da.

Goizean, antolatutako ibilbidea egin ostean, 13:30ean, Kiruri jatetxean argazki makinaren txartelak deskargatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Argazkietan jaso beharreko gaiak izena ematerakoan esango dituzte antolatzaileek, eta partaide bakoitzak 36 argazki aurkezteko aukera izango du. Aukeratutako irudiak azaroaren 11ra bitartean bidali beharko dituzte partaidearen izena, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztuta, azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com helbidera.

Argazki rally honetako puntuekin osatuko da Azpeitiko hiru rallyetako (Udaberrikoa, Gau Txori eta Udazken zein Mendikoa) sailkapena. Hiru rallyetako puntuak batu ostean, puntuazio altuena duenak, 100 euro eta garaikurra jasoko ditu. Momentuz, aurreneko bi rallyetako puntuazioak batuta, Alaitz Ruiz da sailkapeneko aurreneko azpeitiarra, eta sailkapen orokorrean hirugarrena da , Alex Garai eta Carlos Cos-en antzetik.

Sari ugari

Helduentzat bost sari prestatuko dituzte: lehena, 180 eurokoa; bigarrena, 150 eurokoa; eta hirugarrena, 120 eurokoa; Azpeitiko lehen sailkatuari emandako saria, 90 eurokoa izango da; eta argazki onenaren saria, 60 eurokoa. Garaikur bana ere jasoko dute.

16 urtez azpikoen artean hiru sari banatuko dituzte. Lehenengo saria jasotzen duenak 30 euroko txartela eskuratuko du. Bigarren egiten duenak, berriz, 20 eurokoa; eta hirugarrenak 15 eurokoa. Gainera, horiei guztiei ere garaikurra oparituko zaie.

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 24an, zapatua, egingo dute Lagun Onak Mendi Bazkunaren elkartean (Eliz Kale, 21). 18:30ean hasiko da, eta lehenengo argazki bildumen proiekzioa eskainiko dute.

Iazko rallya Juan Mari Ibarzabalek irabazi zuen XVI. Mendiko eta XXII. Udazkeneko Argazki Rallya.