"Ez nuke pentsatuko inguruan horrenbeste txori mota zegoenik"

Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 18a, 20:57
Martin arrantzalea Ibarzabalen kameraren flash-aren gainean. (JAUN MARI IBARZABAL)

Juan Mari Ibarzabal azpeitiarrak martin arrantzaleari atera zion argazkia du bere artxiboko altxorren artean. Azpeitian bertan hartutako irudia, bat-batekoa baino, asko pentsatutakoa izan zen.

Juan Mari Ibarzabalek (Azpeitia, 1954) ibilbide luzea du argazkilaritzan. Azken hamarkadetan Azpeitiko Argazkilari Elkarteko kidea izan da, eta ezkondu eta gero, bere zaletasuna piztu zenetik, "atentzioa ematen dion guztiari" egiten dio klik. Bitxia da aukeratu duen argazkia, martin arrantzalearena. Bitxia, honen istorioa ere.

Zergatik duzu gustuko argazki hau?

Badira dozena erdi urte neure buruari erronka jarri niola. Jende asko ikusten nuen txorien, eta, oro har, naturaren inguruko argazkiak ateratzen. Neuk ere hori egitea erabaki nuen, eta orduz geroztik udaberri aldera txoriei argazkiak ateratzen aritzen naiz. Argazki hau aurreko urtean atera nuela uste dut, Azpeitian bertan. Martin arrantzalea txoriaren kabia non zegoen esan zidaten, eta hara joaten nintzen. Egoera zainduz, kamuflatu egiten nintzen, eta ohartu nintzen txori honek adarrak aukeratuta zituela; beti adar berean egoten zen. Kumeak zituen, eta horientzako janari bila sarri irteten zen. Joaten zen, arraina hartu, eta zulora sartu aurretik, beti adar berean jartzen zen. Aspertu nintzen adar hari argazkiak ateratzeaz; guztiak berdinak ziren. Orduan, beste adar batzuk eraman nituen, eta arrain bila joaten zenean bestearen lekuan adar berria lotzen nuen. Plast! Txoria nik jarritako adarrean jartzen zen. Adarra aldatzen ere aspertu nintzen, eta kameraren flash-a jartzea pentsatu nuen. Nire ezusterako, hantxe jarri zen txoria. Oso bitxia izan zen. Animalien inguruan asko ikasten da, eta halako argazki gehiago baditut. Badut halako irudiekin erakusketa egiteko proiektu bat.

Naturaren eta animalien inguruko argazkiak al dituzu gogokoen?

Ez bereziki. Atentzioa ematen didan guztiari ateratzen diot argazkia. Festetan eta rally-etan ere aritzen naiz.

Eta txoriak, zergatik?

Niretzat gauza berezi bat zelako. Aldizkarietan txorien argazki oso ederrak etortzen dira, eta zailtasun handia dute. Kamuflaje sareekin edo beste tresna batzuekin estali egin behar zara, janaria jarri behar da, eta denbora asko egon behar da zain txoria etortzeko. Txoriak eta txoriak daude. Batzuk nahiko erraz etortzen dira, baina beste batzuk... Bagenekien txori asko zegoela inguruan, baina herrian horrenbeste txori mota zegoenik ez nuke pentsatuko. Mordo bat dago, kolore ederrekin...Ederra da benetan.

Noiz hasi zinen argazkilaritzan?

Uste dut ezkondu eta gero hasi nintzela, bidaiarako edo. Garai hartan ez zen gaur egun bezala. Orain guztiek dute kamera, eta jolasean hasten dira zaletasuna sortzen. Orduan, gastua zen kamera. Argazki-filma, errebeloak eta kopiak hartu behar ziren kontuan, eta gaztetan ez zegoen dirurik halakoetarako. Ezkondutakoan hasi nintzen, eta pixkanaka ohartu nintzen gero eta gauza gehiago egin nahi nituela. Baina gauza guztiak egiteko erositako kamera hark ez zituen prestazio guztiak, eta beste kamera bat erosi nuen. Denbora pasatu ahala joan nintzen argazkilaritza ezagutzen. Gero, rally-etan eta lehiaketetan hasi nintzen, eta orduan joan nintzen argazkilaritzan sakontzen.

Gogoratzen zara lehen kamera hartaz?

Bai, Kaito-ri erosi nion Yashika bat. 1979an izan zen hori.

Azpeitiko Argazki Elkarteko kide ere bazara aspalditik, ezta?

Bai, elkartean geroago hasi nintzen. Herritik kanpo ezkondu nintzen, eta umeak zirela eta, beste ardura batzuk nituen. Baina elkartera etortzen hasi nintzen, eta pixkanaka ostegunetan elkartzen hasi ginen.

Zer eman dizu elkarteak?

Asko. Asko ikasi dut; garrantzia handia eman diot besteek egiten dutenari. Juan Joxe Agirre hor dago. Esan genezake bera dela maisuen maisua. Asko erakutsi dit. Esaterako, argia ikusten ikasi dut, argazkiak duen argia oso garrantzitsua baita. Beti gustatzen zait beste elkarteekin harremana izatea, elkarlanean ere gauza asko egiten baitugu. Herri mailan, esaterako, mendi elkartearekin, Baigerarekin, Ikasberrirekin, Sanagustinekin eta beste hainbat talderekin aritzen gara. Herriari bizia ematen diogu, guk egiten dugunarekin aplikatuz.

Gazteen lekuko aldaketa egon al da herriko argazkilaritzarekiko zaletasunean?

Elkartean helduak mantendu egin gara, baina digitalizaziora egin den jauziaren eraginez gazteak hurbildu egin dira. Egun, kamera oso onak egiten dituzte, eta jendeak uste du botoiari sakatuta kito dela. Baina, gainontzekoak zertarako dira? Orduan, gazteak etorri dira jakitera argazkilaritza zer den. Oinarrizkoa ikasten dutenean, gu baino askoz hobeak izaten dira, informatika asko dakitelako, eta gauza pila bat egiten dakite. Beraz, binomio polita sortzen dugu, elkarren osagarri gara.

Rally-etan parte hartzea gustuko al dugu?

Bai, helduok asko jorratu dugu hori. Gazteek, aldiz, ez dute horretarako ohiturarik, askok agobiatu egiten direla esaten dute. Baina asko ikasten da halakotan. Ez dakit beste herririk ba al dagoen Azpeitian adina sari jaso direnik. Pentsa, Azpeitiko norbaitek sari bat jasotzen duenean elkartera txanpaina eta gailetak eramaten ditu; bada, egon dira urteak astero zerbait izaten genuela. Harremanetarako ere onak dira rallyak, jende asko ezagutzen baita.

Hainbat erakusketa ere egin dituzu, ezta?

Bai. Erakusketak ederrak dira, norberaren lana plazaratzen baita. Antxieta itxi zenean, udaletxe azpiko pasilloa edo Betharram ziren erakusketak egiteko leku posibleak, eta guk azken honengan egin genuen apustua. Aretoa konpondu egin zuen udalak; egun zoragarri dago, baina orain hori kudeatu egin behar da. Bizia eman behar zaio. Hala, bileretan ari gara udalarekin.

Gertutik

  • Azpeitian jaioa, 1954an.
  • Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea da.
  • Argazki rallyetan lehen sariak irabazi izan ditu.
  • Bakarkako eta taldeko erakusketak egin izan ditu. Duela zazpi urte, Azpeitian egin zuen zezenketen ingurukoa. Orduan, taldean egin izan ditu.