Epai zain gelditu da Corrugadoseko 60 kaleratzeen inguruko auzia

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko urr. 16a, 21:22

Enpresaren eta langileen ordezkarien abokatuak negoziatzen aritu dira goiz partean. Akordiorik ez da izan eta, atzerapenarekin, baina burutu egin da epaiketa, Bilboko Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian.

Hiruetan hasi eta 18:45ak arte luzatu da epaiketa. Saioan zehar, Corrugadosen jabe den Gallardo Taldearen abokatuek Azpeitiko lantegian ezarri nahi dituzten murrizketa berriak -60 langile kaleratzea, urteko lanaldiari 49 ordu eranstea eta soldatak %35 jaistea- defendatu dituzte, enpresaren egoera ekonomikoaren gaineko datuekin. 60 lagunen kaleratzea auzibidean jarri duten LAb eta ELA sindikatuetako langileen ordezkarien abokatuek, aldiz, despidoak bertan behera uztea eskatu dute; Lan Sailaren txosten batean oinarrituta.

Saio bakarreko epaiketaren ondoren, epai zain geldituko dira orain bi aldeak. Atzo, urriaren 15a, lau hilabete bete zituen Corrugados Azpeitiako grebak.

Goiza negoziatzen

Enpresaren eta langileen ordezkarien abokatuak negoziatzen aritu dira goiz partean. Horregatik atzeratu da epaiketa; 10:30ean zen hastekoa, baina bi aldeek akordiora heltzeko saiakera egin zezaten tartea eman die epaileak.

Akordiorik ez da izan, ordea. Langileen ordezkariek aditzera eman dutenez, joan den asteburuan enpresaren zuzendaritzak mahai gainean jarritako proposamena zertxo bat hobetu badu ere, desadostasunak daude oraindik. Horrela, 60 kaleratuetatik 15 boluntario gisa aurkeztea proposatu du orain zuzendaritzak -asteburuan 8 proposatu zituzten-; 60 langile kaleratzekotan boluntarioak aurkezteko epea irekitzea eskatzen dute, berriz, langileek, eta ez boluntarioak eta horien kopurua aurrez markatzea. Kalean geratuko direnentzako kalte-ordaina hobetzea izan da zuzendaritzaren azken egunotako beste eskaintza: lau hilabete gehiagoko kalte-ordaina eskaini diete kaleratuei, baina 30 hilabetetan zatituta ordaintzekotan. Langileen ordezkariek ondo hartu dute kopuru berria, baina ez ordainketa zatituta egitea.

Epaia epai, negoziazio bidea zabalik mantentzeko prest azaldu dira, era berean, langileen ordezkariak. Epaiketan, beste behin, "industria plan serio bat" aurkezteko eta "etorkizuna argitzeko" eskatu diote enpresari; hori ezin diela "bermatu" erantzun die Gallardo Taldeak.

Astelehenean, beste epaiketa

Corrugados Azpeitiako 150 langile joan dira gaur Bilbora epaiketa dela eta, bi autobusetan. Eta gaur Bilbon bezala astelehenean, urriaren 22an, Donostiako epaitegietan izango dute hitzordua. Egun horretan, joan den otsailean izandako 100 kaleratzeen inguruko epaiketa egingo da. Ehun haietatik 87 boluntarioak izan zirenez, gainerako hamahiru langileen kaleratzearen kontrako demanda aurkeztu zuten ELA eta LABeko ordezkariek.