Xanjuandegiko I. Mendi Duatloia jokatuko da zapatuan

Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 16a, 14:46
Sanjuandegin mendi lasterketa ere jokatu izan da.

Probarako antolatutako ibilbidea "polita, ez oso teknikoa eta nahiko herrikoia" dela diote antolatzaileek.

Sanjuandegiko Festa Batzordeak, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, Sanjuandegiko I. Mendi Duatloia antolatu du, eta zapatuan jokatuko da, arratsaldeko lauretan hasita. Proba berri hori, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitoaren baitako lehiaketetako bat izango dela azaldu dute antolatzaileek.

Sanjuandegiko kirol proban parte hartzeko izena emateko aukera ireki dute. Internetez emanbehar da izena www.mendiduatloia.com webgunean. Izena emateko aukera ostiral iluntzera arte edukiko dute zabalik eta parte-hartzaile bakoitzak 16 euro ordaindu beharko ditu. 200 laguneko partaidetza muga jarri dute, eta hori beteko ez balitz lasterketaren egunean bertan izena emateko aukera jarriko dute antolatzaileek. Parte-hartzaile guztientzako hainbat produkturekin osatutako poltsak banatuko dituzte eta gainera partaideek zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Probaren bukaeran parte-hartzaileek modakua egiteko aukera ere izango dute Sanjuandegin.

Korrika,bizikletan eta korrika

Larunbatean, probaren egunean, 14:45ean boxesak irekiko dituzte eta 16:00etan hasiko da lasterketa. Aurrena, lasterka 5 kilometroko ibilbidea egin beharko da; segidan, mendi bizikletaz 15 kilometro; eta, bukatzeko, berriro korrika, 3,5 kilometro egin behar dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbidea polita da eta "ez oso teknikoa". Lasterketa "nahiko herrikoia" antolatu dutela ere adierazi dute.