Hiruretan hasi da, azkenean, Corrugadosen inguruko epaiketa

Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 16a, 15:42
Corrugados Azpeitiako langileek irailean egindako manifestazioa.

10:30ean hastekoa zen saioa arratsaldera arte atzeratu dute, langileak eta zuzendaritza negoziatzen aritu direlako Bilbon Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian bertan.

Lau ordu eta erdi beranduago, 15:00ak aldera hasi da, azkenean, Corrugados Azpeitia enpresatik kaleratutako 60 langileen inguruko epaiketa, Bilboko Justizia Auzitegi Nagusian. Goizeko 10:30ak aldera zen hastekoa berez epaiketa, baina atzeratu egin da hasiera. Izan ere, negoziazio eremu bilakatu da epaitegia. Alfonso Gallardo Taldeak, lantegiaren jabeak, kosta ala kosta epaiketa bertan behera uztea nahi zuen, eta langileak eta zuzendaritza negoziatzen aritu dira auzitegian bertan. Hitz egindakoaren gaineko baloraziorik ez da oraindik; epaiketa hasi egin dela da zabaldu den azken berria.

Epaiketaren aurreko egunetan ere, zuzendaritzak kalte-ordain hobea eskaini die langileei, lau hilabete gehiagokoa. Baina eztabaida "desbideratu" nahi duela diote langileek; epaiketa aurreko maniobra dela, eta ez dela nahikoa. "Berme batzuk behar ditugu berriz lanean hasteko", adierazi du Esteban Camposek, langileen LABeko ordezkariak.

Azpeitiko enpresako langileen LAB eta ELAko ordezkariek kaleratzeen aurrean jarritako salaketaren inguruko epaiketa da.