Javier Fernandezek irabazi du 'Tren bidea' argazki lehiaketa

Uztarria.eus 2012ko urr. 12a, 12:05
Epaimahaia argazki sarituekin.

Asier Camacho izan da bigarren saritua, eta Javier Beristain azkoitiarra hirugarrena. Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak anatolatu dute elkarlanean Tren bidea argazki lehiaketa.

Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak anatolatu dute elkarlanean Tren bidea argazki lehiaketa, eta Javier Fernandezek irabazi du aurtengo edizioa. Metro Bilbao 2 argazkia izan da aurreneko saria jaso duena, eta 800 euro eta diploma eskuratuko ditu. Bigarren saria, berriz, Asier Camachok jasoko du Retrato argazkiari esker, eta 500 euroko diru saria eta diploma jasoko ditu. Hirugarrena, berriz, Javier Beristain azkoitiarra izan da, Badator argazkiarekin, eta 300 euro eta diploma irabazi ditu.

Argazki horiek, beste zazpi argazki finalistak eta epaimahaiak aukeratutako beste 40 Trenaren Euskal Museoan azaroan zabalduko duten erakusketan egongo dira ikusgai. Gainera, edizio honetako 50 argazkirekin katalogoa osatuko dute. Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioko zuzendari Maitane Ostolazak esan duenez, "oso pozik gaude lehiaketaren emaitzarekin, parte-hartzaile kopurua ere esanguratsua izan da eta baita argazkien maila artistikoa ere".