Trena eta kultura uztartuta

Uztarria.eus 2012ko urr. 5a, 14:54
Mikel Ibarzabal zinegotzia, Maitane Ostolaza Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioko zuzendaria eta Aitor Bengoetxea Sanagustin kulturguneko kudeatzailea.

Trena eta kultura elkartzen dituen zikloa antolatu dute urrirako, Sanagustin kulturguneak eta Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak. Gaur, ostirala, hasita urriaren 27ra bitartean hainbat ekimen izango dira zikloaren baitan: zinema, hitzaldia, mahai-ingurua, erakusketa...

Trena eta kultura zikloa antolatu dute urrirako, Sanagustin kulturguneak eta Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak. Gaur, ostirala, egin dute zikloaren aurkezpena Sanagustinen, Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioko zuzendari Maitane Ostolazak, Sanagustin kulturguneko kudeatzaile Aitor Bengoetxeak eta Mikel Ibarzabal Udal zinegotziak.

Bengoetxeak adierazi duenez, "ziklo hau bide baten hasiera da, eta herriko gainontzeko eragileekin-eta hasita dugun elkarlanaren fruitua". Ostolazak bere aldetik Tren Museoaren aro berriaren erronkak azaldu ditu: "Museoa dagoen lurraldean ondo errotzea, Urola Trenari garrantzia ematea eta museoa herriaren edo bailararen dinamizatzaile bihurtu nahi dugu, turismoari eta ekonomiari dagokionean". Ostolazak jakinarazi duenez, "ari gara herriko taldeekin-eta elkarlanean. Argazki Elkartearekin adibidez, eta, orain, Sanagustin kulturgunearekin". Elkarlan horren emaitza "ziklo hau da", gaineratu du.

Gaur, ostirala, hasita urriaren 27ra bitartean hainbat ekimen izango dira zikloaren baitan: zinema, hitzaldia, mahai-ingurua, erakusketa... Ostolazak esan du, "Azpeitiari Trenaren Museoa gerturatu nahi diogu, eta helburu hori lortzen lagundu dezake zikloak".

Honatx, Trena eta kultura zikloaren egitaraua:

Urriak 5etik, ostirala, 30era: Urolako azken bidaia erakusketa, Sanagustin kulturgunean.

Urriak 10, asteazkena: Norteko ferrokarrila. Trena bertsolarien begitan hitzaldia eskainiko du Mikel Aizpuru EHUko irakasleak. Sanagustinen izango da, 19:00etan hasita.

Urriak 14, igandea: Bakarrik (Solitos) antzezlana izango da Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Bost euro ordaindu beharko da, eta sarrerak salgai daude Sanagustin kulturgunean eta Trenaren Museoan.

Urriak 17, asteazkena: Oroimenaren bidaia proiekzioa eskainiko dute, 19:00etan hasita Sanagustinen. Segidan, gonbidatuen mahai-ingurua izango da.

Urriak 27, zapatua: Umeen Trena izango da Sanagustin kulturgunean. 17:00etan hasita, trenen eskulan tailerra izango da, eta lanak Trenaren Museoan izango dira, gero, ikusgai. 18:00etan, berriz, Doraemon eta denboraren trena filma ikusi ahalko da.