Zapatuan hasiko da XII. Organo Erromantikoaren Zikloa

Uztarria.eus 2012ko urr. 4a, 14:55
Ezkerretik eskubira, Jose Luis Frantzesena organo-jotzailea, Imanol Amenabar Azpeitiko kultura zinegotzia, Ibon Arrieta Azkoitiko kultura zinegotzia, Leire Iruin Bergarako kultura zinegotzia eta Esteban Elizondo organo-jotzailea.

Zapatuan hasita urriko asteburu guztietan kontzertuak izango dira Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran. Aurtengoan ordutegi aldaketa izango dute zikloaren baitan antolatutako kontzertuek, eta azken urteetan 17:30ean izaten baziren ere, aurten 20:00etan izango dira.

Urriaren 6an, zapatua, hasiko da XIII. Organo Erromantikoaren Zikloa, eta urriko astebukaera guztietan izango da kontzertuez gozatzeko aukera Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran. Gaur, osteguna, aurkeztu dute zikloa, hiru herrietako kultura zinegotziek eta Esteban Elizondo eta Jose Luis Frantzesena organo-jotzaileek.

Elizondok aurreratu duenez, "nazioartean garrantzia handia duen zikloa da, eta ikusle zein entzule kopurua goraka doa. Aurten, bizi dugun egoera ekonomikoa dela-eta, ahalik eta gutxien gastatzen saiatu gara, baina, era berean, ahalik eta emaitza artistiko onenak izatea dugu helburu". Organo-jotzailearen aburuz, "askotariko zikloa izango da, eta oso maila onekoa, gainera".

Aurten aldaketa nabarmena egin dute ordutegiari dagokionez. Azken urteetan 17:30ean izaten ziren kontzertuak, baina aurten 20:00etan hasiko dira. Ibon Arrieta Azkoitiko kultura zinegotziak esan duenez, "aldaketak, agian, arrakasta gehiago izatea" ahalbidetu dezake.

Organo ikasleen emanaldia

Azpeitiko Juan Antxieta Musika Eskolako organoko hiru ikaslek emanaldia eskainiko dute zikloaren baitan, Bergarako musika eskolako ikasleekin batera. Jose Luis Frantzesena irakasleak adierazi duenez, "15 eta 16 urteko hiru azpeitiar ikaslek eskainiko dute kontzertua, Bergarako ikasleekin batera, eta oso ondo ari dira ikasleak lanean".

Azpeitia 

Kontzertu guztiak Loiolako basilikako organoan izango dira.

Urriak 7, igandea. 20:00etan, Aretxabaletako Andramari Abesbatza eta organo-jotzaile Ana Belen Garcia.

Urriak14, igandea. 20:00etan, Ana Salaberria sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzoa eta Ana Belen Garcia organo-jotzailea.

Urriak 21, igandea. 20:00etan, Esteban Elizondo organo-jotzailea.

Urriak 28, igandea. 20:00etan, Easo abesbatza eta Oscar Candendo organo-jotzaile dela.

Azkoitia

Kontzertu guztiak parrokiko organoan izango dira.

Urriak 6, zapatua. 20:00etan, Aretxabaleta abesbatza eta organo-jotzaile Jose Luis Frantzesena.

Urriak 13, zapatua. 20:00etan, Stefan Kagl organo-jotzailea.

Urriak 20, zapatua. 20:00etan, Gorka Zabaleta txistularia, Ainhoa Franco sopranoa eta Fernando Gonzalo organo-jotzailea.

Urriak 27, zapatua. 20:00etan, Donostiako Orfeoi Gaztea eta Gerardo Rifon organo-jotzailea.

Bergara

Kontzertu guztiak Santamaña elizan izango dira.

Urriak 6, zapatua. 20:00etan, Andra Mari abesbatza eta organo-jotzaile Ana Belen Garcia.

Urriak 13, zapatua. 20:00etan, Ana Salaberria sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzoa eta Ana Belen Garcia organo-jotzailea.

Urriak 20, zapatua. 20:00etan, Mario Duella organo-jotzailea.

Urriak 27, zapatua. 11:00etan, Bergarako eta Azpeitiko musika eskoletako organo ikasleak.

Urriak 27, zapatua. 20:00etan, Aritzeta abesbatza eta Etxarri Aranatz abesbatza, Aitor Olea organo-jotzailearen laguntzarekin.