Basterretxearen artelanak iragarriko du Durangoko Azoka

Uztarria.eus 2012ko urr. 3a, 22:19
Azokako zuzendari Aiert Goenaga eta Nestor Basterretxea, 2012ko kartelarekin. (Txelu Angoitia. Gerediaga Elkartea)

Euskarazko kultur produkzioaren erakusleihorik garrantzitsuena da Durangoko Azoka, urtero milaka euskaltzale biltzen dituen ekitaldia. Azoka abenduaren 6tik 9ra izango da, baina jadanik hasi dira giroa berotzen: atzo aurkeztu zuten Nestor Basterretxea artistak aurtengo ediziorako egin duen kartela.


Nestor Basterretxea, bost hamarkadatan artearen adierazpide anitzak jorratu dituen artista, eta Aiert Goenaga Durangoko Azokaren zuzendaria egon ziren 2012ko Durangoko Liburu eta Disko Azokaren kartelaren aurkezpenean.

Basterretxeak azaldu zuenez, "telebista pantaila matxuratzen denean agertzen den kolore aberastasun ikaragarria da karteleko irudiaren oinarria". Azken aldian irudi horietan oinarrituta egiten ditu collage lanak. Kartel “moderno bat teknika berri bategaz egiteko” aukera bezala ikusi zuela Gerediagaren proposamena esan zuen Basterretxeak.

"Bihotzez, azoka antolatzeko egiten duzuen lana eskertzea baino ez dagokit", azpimarratu zuen egileak. Oteiza aipatu zuen, eta euskal nortasunari buruz egin zuen, besteak beste, berba. "88 urte dauzkat, eta zalantzarik barik, heriotzan pentsatzen dut. Borrokatzen jarraituko duzuela jakinda noa beste mundura, eskerrik asko", amaitu zuen.

Aiert Goenaga zuzendariak azaldu zuen, azken urteetako kartel lehiaketa alboratu, eta Durangoko azokaren kartela artista bati enkargatzeko hautua egin dutela aurten.

Iaz baino egun bat gutxiago iraungo du Durangoko azokak: abenduaren 6tik 9ra burutuko dute. Aiert Goenagaren berbetan: "Krisi ekonomikoak guri ere eragin digu, eta ezin dugu bost eguneko azoka baten aldeko apustua egin kalitatean galduko genuelako. Kalitatean galdu aurretik hobe da egun gutxiago egin".

 

Basterretxeak egin du Durangoko Azokako kartela from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.