Everesteko tontorrera, duela hogei urte

Uztarria.eus 2012ko urr. 2a, 14:04
Josu Bereziartua Everesteko gailurrean 1992ko urriaren 1ean.

Atzo, urriak 1, hogei urte bete ziren Josu Bereziartua azpeitiar mendigoizaleak Everest igotzea lortu zuela. 

Atzo, urriak 1, hogei urte bete ziren Josu Bereziartua (Azpeitia, 1960) mendigoizaleak Everesteko gailurra zapaldu zuela. 1990ean abiatu zen aurrenekoz Everestera (8.848 metro), munduko mendirik garaienera, Sagarmatha euskal espedizioarekin, baina ez ziren tontorrera iritsi. 

1992an Amaia Aranzabal neskalagunarekin eta Joxe Urbieta Takolo herrikidearekin igotzen saiatu zen, baina ez zuten lortu. Azkeneko espedizioan, 1992an, tontorrera heltzea lortu zuen, pare bat aste lehenago Cho Oyura (8.201 metro) heldu ondoren.

Espedizio hartan, Joxe Urbieta Takolo beheko kanpamenduan zegoen, haren igoera jarraitzen, eta honako elkarrizketa izan zuen Bereziartuak Takolo-rekin: "Joxe! Hego tontorrean natxiok. Hau oso ondo zegok eta indartsu sentitzen nauk" eta Takolok erantzun: "Segi aurrera orduan, eguraldi ona zegok eta". 40 minutu beranduago Bereziartua Everesteko gailurrera iritsi zen. "Everestek bere tontorrera iristeko eta hemen gainetik ikusten dena sentitzeko aukera eman dit. Hau ezin da kontatu, nirea da bakarrik", zioen iritsi zenean.

2000. urtean ere joan zen azpeitiarra Everestera. Euskaldun eta katalan batzuekin joan zen, TVErako programa grabatzera. 

2001eko abenduan, Izarraiztik Everestera liburua aurkeztu zuen Bereziartuak.