'Urolako Trena: azken bidaia' erakusketaren azken egunak Burdinbidearen Museoan

Uztarria.eus 2012ko ira. 28a, 20:23

Igandean, irailak 30, izango da ikusteko azken aukera. Hala ere, erakusketarako erabili duten irudi bilduma herriko beste gune batzutan aurrerago ikusi ahal izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Maiatzaren 14tik Burdinbidearen Euskal Museoan dagoen Urolako Trena: azken bidaia erakusketa azken txanpan sartu da. Hain zuzen ere igandean, irailak 30, izango da erakusketa hori bisitatzeko azken aukera. Zapatuan 10.30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era; eta igandean 10:30etik 14:00etara ikus daiteke argazkiekin eta ikus-entzunezko batekin osatutako erakusketa.

Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek 1988an, Urolako Trenaren azken egunetan, ateratako argazkiak ikus daitezke, besteak beste, erakusketan. Eta, erakusketa bera irailarekin batera itxiko badute ere, Burdinbidearen Euskal Museotik aurreratu dute erakusketarako erabilitako irudi bilduma "hemendik gutxira Azpeitiko beste kultur erakundeetan ere" ikusgai jarriko dutela.