Eskualdeko herrietako harategi eta arraindegietan ontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 28a, 18:39
Urola Erdiko Mankomunitateko, Kutxa Ekoguneko, udaletako eta Herrixen elkarteko ordezkariak, ostegunean. (ANE OLAIZOLA)

Kutxa Ekoguneak, Urola Erdiko Mankomunitateak eta bailarako udalek abian jarriko duten Ontziratu zaitez kanpaina atzo, osteguna, aurkeztu zuten Azkoitian. Udalerri horretan banatuko dituzte aurreneko ontziak; Azpeitian, berriz, urri amaieran. Hondakinak murriztea da helburua.

Kutxa Ekoguneak, Urola Erdiko Mankomunitateak eta eskualdeko udalek Ontziratu zaitez egitasmoa jarriko dute abian Azkoitian, Azpeitian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan. Herri horietako harategietan eta arraindegietan ontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte, hondakinak murrizteko asmoz. Guztira 8.000 ontzi banatuko dituzte eskualdean, eta Azkoitian abiatuko dute "ekimen berritzailea". "Hondakinen prebentzioan pausoak eman nahi ditugu, eta halako egitasmoak beharrezkoak eta eraginkorrak dira", adierazi du Esther Lizarraldek, Azkoitiko alkateordeak. Saltoki horietan erosketak egitean "hondakin kopuru handia" sortzen dela azpimarratu du Lizarraldek, produktuak paperean bildu ondoren, plastikozko poltsa bat edo bitan sartzen direlako.

Hori hala izanik, Kutxa Ekoguneko Kontsumo Jasangarria saileko arduraduna den Amaia Otazok, berriz, adierazi du kanpaina honen helburua hirukoitza dela, eta "guztientzat onuragarria" dela gaineratu du. Izan ere, erosketak "erosoagoak" direla uste du Otazok: "Erosleek behin etxera iritsita, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dute, modu garbi batean". Horrez gain, saltokiek kostu "handia" murriztuko dutela adierazi du, ez dutelako horrenbeste paper eta plastiko erabili behar izango. Helburu nagusia, ordea, hondakin gutxiago ekoiztea dela berretsi du Kutxa Ekoguneko kideak: "Ingurumenarentzat positiboa izateaz gain, ekimen honekin denok ateratzen gara irabazle". Hala, bestelako kontsumo mota bultzatu nahi dute antolatzaileek.

Azpeitian oraindik ez dituzte egunak zehaztu, baina urriaren amaieran 3.300 ontzi banatzea aurreikusten dute; VL, Fernando Villegas, Kontxi eta Karmiña arraindegiek, Barrenetxe, Zabala, Odriozola, Juan Cruz (Urrestillan), San Sebastian, Matxin, Beloki, Intxausti eta Mohamed Azaoum harategiek eta Eroski Center eta BM supermerkatuek hartuko dute parte egitasmoan.

Azkoitian, Herrixen Merkatari Elkartea ekimenera batu da; hala, herriko hamalau saltokitan erabili ahalko dira ontziak: Itziar eta Sorazu arraindegietan eta Agirre, Beloki, Bittor, Elorza, Etxezar, Otzarreta,Traki, Zumardia eta Ternez harategietan. Baita Center Eroskin, Maxi Eroskin eta BM supermerkatuetan ere. Horretarako, datorren asteartean, urriaren 2an, banatuko dituzte ontziak, 10:00etatik 13:00etara bitartean, plazan. Urriaren 4an ere banatuko dituzte, 16:00etatik 19:00etara artean. Guztira 2.700 ontzi berrerabilgarri banatuko dituzte herrian.

Zestoan, berriz, 900 tupper banatuko dituzte, urriaren 13an, 10:00etatik 13:00etara artean, eta urriaren 23an, 17:00etatik 20:00etara artean. Ontziak Kontxi arraindegian eta Lopene eta Uzkudun harategietan erabiliko dituzte gero.

Gainontzeko herrietan, herritarrek ontziak udaletxean jasotzeko aukera izango dute, urrian zehar.

Txarteltxoen bidez

Familia bakoitzak ontzi bana jasotzeko aukera izango du. Aldez aurretik txarteltxoak eskuratu ditzakete herritarrek, egitasmoan parte hartzen duten harategi eta arraindegietan; herritarrek txartelean euren datuak bete ondoren, banaketa egingo duten guneetan eskuratuko dute ontzia. Era berean, banaketa egunetan ere izango dituzte txartelak eskuragarri, plazan. Familiek jasoko dituzten ontziak kolore horia izango dute, eta saltokiek euren ontzi propioak izango dituzte, kolore urdinarekin. Azkoitian, esaterako, 30 ontzi urdin egongo dira. Hala, ontzia eramatea ahazten zaien herritarrei ontzi urdina banatuko diete merkatariek, mailegu moduan; beraz, itzuli egin beharko dute gero.

Halaber, egitasmoan parte hartzen duten herritarrak saritu egingo dituzte antolatzaileek, eta hilero 30 euroko erosketa-saria zozkatuko dute erosleen artean. Irabazleen izenak saltoki bakoitzean eta udal elkarteko webgunean argitaratuko dituzte.

Otazok azpimarratu du banatuko dituzten tupper-ak osasun baldintzak betetzen dituztela; ontziek, berziklagarriak izateaz gain, tinta ekologikoa dute. Hala, janariek "kalterik ez" dutela jasaten jakinarazi du.

Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak, berriz, adierazi du egitasmoak sei hilabeteko iraupena duela, baina aurrerago ere herritarrek ontziak erabili ditzatela espero du.