Olatz Egiguren: "Gurpila aldatzea ez bada azterketan sartzen, inork gutxik ikasten du"

Uztarria.eus 2012ko ira. 28a, 14:23

Bihar, zapatua, Emakumeen Txokoan autoaren oinarrizko elementuen ezagutzaren inguruko tailerra izango da. Olatz Egigurenek eskainiko du, eta alderdi teorikoa aipatuko duen arren,  parte-hartzaileak "eskuak zikintzeko prest" egotera animatu ditu.

Bihar, zapatua, autoaren oinarrizko elementuen ezagutzaren inguruko tailerra izango da Emakumeen Txokoan, 10:00etan hasita. Olatz Egigurenek eskainiko du ikastaroa, eta alderdi teorikoa izango duen arren, garrantzia handiagoa izango du alor praktikoak. Uztarria.com-ek Egigurenekin hitz egin du, biharko ikastaroaren nondik norakoez-eta.

Zer emango duzu biharko tailerrean?

Nire asmoa da, hasieran pixkat azaltzea, oro har, autoetan erabiltzen diren bi erregaien arteko (gasoleoa eta gasolina) desberdintasunak. Alde praktikoari garrantzia gehiago eman nahi diodanez, ondoren, praktikan jarriko ditugu hainbat gauza: bateria hustuz gero nola kargatu; gurpilak, fusibleak, haizetakoak aldatzen; olioa eta hozgarriaren mailak ikusi, adibidez.

Horrelako ekimenak ez dira oso ohikoak gure inguruan. Beharra badagoela uste al duzu?

Emakumeen Txokokoek egin zidaten proposamena, eta nire esperientzian oinarrituta esan dezaket, baietz, beharra badagoela. Aurreiritzi askorekin egin izan dut topo eta, behin baino gehiagotan, emakumea nintzelako, garajeetan zalantzan jarri dizkidate nik azaldutakoak. Batzutan hika-mikak amaitzen ziren esaten nienean, ni nintzela ordaindu behar zuena eta egiteko esandakoa, ez nintzela eztabaidatzera joan-eta.

Emakume gehienek autoaren alderdi mekanikoarekin harreman gutxi izan dute orain arte. Zergatik dela uste duzu?

Garai batean, gidatzearekin gertatzen zena bezala da, itxuraz emakumeak ez ginen-eta gidari aproposenak. Hori da, azkenean, emakumeok barneratzen duguna, eta zama hori hor daukagula jabetzen ez garen bitartean, aurrerapauso gutxi emango dira. Gaur egun, frogatu da, emakumeok gizonak bezain gidari trebeak garela, eta hori lortu da denboraren ondorioz, beldurrak alde batera utzita eta irabaziko genuen autonomiari garrantzia gehiago emanda. Dauzkagun dohaiak garatzea da gakoa.

Zuk autoeskolan egiten duzu lan. Ez al duzu uste gidatzen irakasteaz gain, mekanika aldetik ere zerbait erakutsi beharko litzatekela?

Hiru enpresa desberdinetan egin dut lan hamabost urtean. Hamar hilabete langabezian egon ondoren, berriro hor nabil lanean. Gehienbat klase praktikoak eman izan ditut. Zoritxarrez kotxeko gidabaimenak inoiz ez du laguntza publikorik jaso, nahiz eta askotan entzun izan dugun errepideko istripuak saihesteko modu eraginkorrena heziketa dela. Aldiz, prest azaldu dira beti, iragarkiak egiteko dirua jartzeko. Gauzak horrela, bezeroak bere poltxikotik ordaintzen du dena. Hobeto ulertzeko, adibide bat jarriko dizut: musika eskola nork ordaindu ahalko luke diru-laguntza publikorik gabe?

Ikasleek autoeskolan ikasten dutena gainditu beharreko azterketarekin dago lotuta eta, ondorioz, eduki teorikora eta praktikora mugatzen da. Bezeroak berak erabakitzen du zerk duen eta zerk ez garrantzia. Adibidez, gurpila aldatzea ez bada azterketan sartzen, oso jende gutxik edo ia inork, eskatzen du gurpila aldatzen ikasi nahi duela. Finean, denbora eskatzen du horrek eta, aldi berean, dirua.

Zuk non ikasi dituzu zapatuan irakatsiko dituzunak?

Alde teorikoa autoeskolan ikasi nuen, irakaslea izateko gainditu behar nituen azterketak prestatzerakoan. Alor praktikoa, berriz, neure kabuz. Beti gustatu izan zait. Autoko gidabaimenik ez nuenean ere, ahizparen kotxeko olioa nik aldatzen nuen. Beste garai batzuk ziren. Gaur egun, fabrikatzaileek aurkitu dute modua, kotxeen jabeek ahalik eta esku-sartze gutxien egiteko.

Zer esango zenioke jendeari zapatuko tailerrera animatzeko?

Eskuak zikintzeko prest baldin badaude, ez dutela aitzakiarik zapatuko tailerrera ez joateko. Parte-hartzea bermatuta dago.