Grebak jarraipen zabala izan du Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 27a, 12:12

Azpeitian atzorako deitutako greba ia erabatekoa izan zen, baina Azpeitiko greba batzordekoek esan zutenez, Landetako Elmubas, Lan Mobel eta Grumal enpresetan lanean aritu ziren. Kalean banketxe bat edo bestek ateak ireki zituen goizeko lehen orduetan, gero, ordea, pertsianak jaitsi zituzten.

Herenegunetik, asteartea, greba batzordeko hogei bat lagun egon zen atzora arte udaletxeko arkupetan akanpatuta, “murrizketen kontra”. Atzo, berriz, goizeko zazpiretan, kiroldegi aurretik irtenda, kotxe karabana egin zuten herriko industrialdeetatik, eta aurreko greba egunetan baino jende gehiago elkartu zen. Ondoren, 09:15ean herriko plazatik irtenda, ehunka lagunek hartu zuten parte manifestazioan. Arratsaldean kafe tertulia egin zuten udaletxeko arkupetan, bertan krisiari eta Corrugados Azpeitiako aferari buruz jardun zuten, besteak beste. Gero, 18:00etan manifestazio jendetsua egin zuten ehunka lagunek, plazatik hasita.

Bestetik, udaletxeko langileek bat egin zuten grebarekin, baita Eneko Etxeberria alkateak eta Bilduko zinegotziek ere.