Ikasketak nola homologatu aholkatzen segituko du Bidez Bidek

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 25a, 18:37
Bidez Bide elkarteko Hana Al-werfelli Azpeitiko Emakumeen Txokoan. (NEREA URANGA)

Iazko maiatzean estreinatu zuten zerbitzua Emakumeen Txokoan eta hasi berri duten ikasturtean ere emango dute, hamabostean behin, asteazkenetan, 16:30etik 20:00etara; biharko greba dela eta, aste honetakoa ostegunean emango dute.

Azpeitiko Emakumearen Txokoak hainbat zerbitzu eta ekimen du aukeran. Horietako bat, atzerrian egindako ikasketen homologazioaren inguruko aholkularitza zerbitzua da. Bidez Bide elkartearen bitartez ematen dute. Iazko maiatzean estreinatu zuten zerbitzua, eta hasi berri duten ikasturtean ere emango dute. Hamabostean behin, asteazkenetan, 16:30etik 20:00etara. Aste honetan, biharko greba dela eta, ostegunean etorriko dira Bidez Bidekoak.

Donostiako Bidez Bide elkarteko Hana Al-werfelli etortzen da Azpeitira, eta kanpoan ikasi eta ikasketak hemen homologatu nahi dituztenei, informazioa eman eta zein bide jarraitu behar dituzten azaltzen die. "Batik bat etorkinak dira aholkularitza zerbitzu hori jasotzen dutenak, baina bertakoak ere etorri izan dira, kanpoan egin dituztelako ikasketak", diote Emakumeen Txokokoek.

Joan den udaberrian, hitzaldia ematera etorri ziren Bidez Bidekoak Azpeitira. Zerbitzuaz izandako interesa kontutan hartuta, hamabostean behin herrian bertan zerbitzua eskaintzea erabaki zuten. "Gu Donostiako Emakumeen Etxean hasi ginen, eta gaur egun zerbitzua Azpeitian eta Donostian ematen dugu", dio Al-werfellik.

Zailena, dokumentuak lortzea

Bidez Bide elkartea ikasketen homologazioaren zerbitzua ematen hastea Soraia Ronquilloren ekimenez izan zen. "Bera Perukoa eta gizarte langilea da. Oso zaila jarri ziotela bere ikasketak homologatzea eta zerbitzua ematea otu zitzaion. Hezkuntzako ordezkaritzan oinarrizko dokumentazioa ematen dute, baina hortik aurrerako pauso guztiak norberak egin behar ditu".

Ikasketen ziurtagiriak lortzea izaten da zailena, "batzuek orain dela urte asko bukatu zituzten ikasketak eta agiriak galduta dituzte edota ikasketak egindako herrialdean seilatzea falta zaie". Ikasketak egindako herrialdean lortu beharreko dokumentazio guztia lortzeko oztopo asko gainditu behar izaten da, "eta behin lortu eta dena hemen aurkeztutakoan, erantzuna jasotzerako denbora asko pasatzen da".

Bidez Bideren zerbitzuaz baliatzen diren gehienak Hego Ameriketatik etorritakoak, hiru urte baino gehiago hemen bizitzen daramazkitenak, emakumeak eta batxilergotik gorako ikasketak dituztenak direla dio Al-werfellik.

Ikastaroak hastear

Aholkularitza zerbitzuez gainera, ikasturteko ikastaro berriak ere martxan jartzekoa da Emakumeen Txokoa. Larunbaterako, autoaren oinarrizko elementuen ezagutzaren inguruko tailerra antolatu dute. Olatz Egigurenek emango du eta 10:00etatik 13:00etara da.

Gero, urritik abendura bitartean, bost ikastaro jarri dituzte aukeran: dantza ikastaroa (euskal dantzak, sabel dantzak eta Bollywood), Batukada, Antzerki tailerra, zoru pelbikoa eta sare sozialen ingurukoa.