Proiektore digitala izango du Soreasuk urritik aurrera

Uztarria.eus 2012ko ira. 24a, 21:20

Gailu berriarekin, estreinaldiak Azpeitira epe laburragoan iristeko aukera izango da. Zine emanaldien zerbitzua esleitu berri du Udalak eta Urbieta Egaña SL-k, orain arteko enpresa berak, kudeatuko ditu Soreasuko zine emanaldiak. Udako etenaren ondoren, astebukaera honetan hasiko dira berriro zinea ematen.

Soreasu antzokiak zine proiektore berria izango du urritik aurrera. Hain zuzen ere, proiektore digitala jarriko dute bertan, orain arte zegoen analogikoaren ordez. Gailu berriarekin, estreinaldiak Azpeitira epe laburragoan iristeko aukera izango da. "Horrela, pelikula berrien zain egon beharrik ez dute izango azpeitiarrek", esan dute Udaletik. Gaur egun filmak digitalizatuta banatzen dituzte eta, horrenbestez, gailu analogikoetara egokitu beharra dago; horrek atzeratu egiten du pelikulak proiektore digitalak dituzten aretoetara iristea.

Zine emanaldien zerbitzua esleitu berri du Udalak eta Urbieta Egaña SL-k, orain arteko enpresa berak, kudeatuko ditu Soreasuko zine emanaldiak. 2013a arte esleitu dute zerbitzua.

Denboraldi berria

Proiektore berria urrian iritsiko da Soreasura, baina zine emanaldien denboraldi berria astebukaera honetan hasiko da, udako etenaren ondoren. Profesor Lazhar eta Jacobo Lobo dira ikusi ahal izango diren bi filmak.

Zapatutan (19:30ean eta 22:00etan), igande eta jai egunetan (16:30ean eta 19:30ean) eta astelehen eta jai bezperetan (21:30ean) izango dira emanaldiak Soreasun ikasturte berrian. Zineklubak hamar saio eskainiko dituela ere aurreratu dute; datak-eta zehazteko dituzte oraindik, baina saio horiek ostegunez izango dira, 21:30ean.

Sarreren prezioak

Prezioari dagokionez, sarrera arrunta 5 eurokoa izango da, salbuespen hauekin:

  • Zapatuetan 19:30eko saioan, 18 urtetik beherakoek eta erretiratuek 3 euro ordainduko dituzte.
  • Haurrentzako saioa dagoenean (estreinaldia bada, pelikula bakarra eskainiko da eta, beraz, haurrentzat zinerik ez da egongo) igandean 16:30ean emango da eta sarrera 3 eurokoa izango da.
  • Astelehenetan, ikuslearen eguna delako, 3 euro balioko du txartelak.
  • Zineklubaren emanaldietan ere 3 euro balioko du sarrerak.