Plazako esne-makinak urtebete

Uztarria.eus 2012ko ira. 21a, 20:27
Azoka plazaren kanpoaldean dago makina, prentsa kioskoaren aldamenean.

Arazo teknikoek aurreneko urtearen balantzea "gazi-gozo" bihurtu dutela aitortu du Añoi baserriko Joxi Azpillagak, baina "badirudi arazoak konpontzea lortu dugula. Galdu ditugun bezeroak berreskuratzea izango da orain erronka".

Urtebete igaro da herriko azoka plazaren kanpoaldean, prentsa kioskoaren aldamenean, baserriko esnea saltzeko makina jarri zutenetik. 2012ko irailaren 20an aurkeztu zuten makina berria; Azpeitiko bigarrena zen, Sanjuandegiko Eroskiren saltokian jarritakoaren atzetik eta, hura bezala, Errezilgo Añoi baserrikoek jarria.

Bertako esnea kontsumitzaileei modu eroso eta zuzenean helarazteko apustua da Añoikoen esne-makinena; apustu berria, eta ez oztoporik gabea. Izan ere, plazan jarritako makinaren arazo teknikoek aurreneko urtearen balantzea "gazi-gozo" bihurtu dutela aitortu du Añoi baserriko Joxi Azpillagak. "Makinak berriak dira, esperimentalak, geuretzat espreski egindakoak. Eta Azpeitiko plazakoak nahikoa arazo eman dizkigu. Ez da Eroskin dugunaren igoal-igoala, hangoa baino gehiago kargatu izan dugu eta arazoak eman dizkigu: makal ibili da, trabatuta gelditzen zen...".

Arazo horiek hasieran esne bila joaten hasi zen hainbat bezero atzeratu egin duena badaki Azpillagak. "Oso ondo hasi ginen, jendeak ondo erantzun zuen baina, makinaren gorabeherekin, baita konfiantza galdu ere". Hala ere, badirudi gauzak onbidean jarri direla Añoikoentzat. Saiakera askoren ondotik, eta makinan zenbait aldaketa sartuta, "badirudi arazoak konpontzea lortu dugula. Galdu ditugun bezeroak berreskuratzea izango da orain erronka". Baserriko esnea eskatzen duen jendea badagoela dio Azpillagak, "erosle potentzialak badaude, bertako baserriko esnea nahi dutenak, baina eskura jarri behar zaie produktua. Ea hemendik aurrera asmatzen dugun".

Horrelako makina bat kalean, toki ireki batean, jartzeak ez die behintzat aparteko buruhausterik eragin. Jendeak makina errespetatu al duen galdetuta, "izugarri", erantzun du Joxi Azpillagak. "Azpeitian festa asko eta festa handiak izan dira azken urtean, baita Kilometroak ere, baina jendeak ondo errespetatu du makina dagoen tokian. Behin bakarrik izan dugu arazoa, makina hartu eta lekuz aldatu zutela, baina ez zuen kalte larririk izan. Gustura gaude alde horretatik jendeak nola erantzun duen ikusita".