Hamaika kantatzeko, kontatzeko eta entzuteko

Uztarria.eus 2012ko ira. 21a, 18:55

Lehen aldiz joan den apirilean Donostian plazaratu ondoren, Urko Egañak Sanagustin kulturgunean aurkeztu zuen atzo, osteguna, '11 Kantatzeko' DVD-a. Bertsolaritza, literatura eta musika uztartzen dira "mundu guztiarentzat, haur zein heldu" izan nahi duen proiektuan. Talde lanean egindako proiektua da '11 Kantatzeko' eta, Egaña azpeitiarrarekin batera, DVD-a tajutzen parte hartu duten Olatz Amozarrain eta Antton Iztueta ere Sanagustinen izan ziren aurkezpenean. Egañak bertsotan eta Amozarrainek flautarekin, 'Hamelingo flautista' aukeratu zuten aurkezpenera joan zirenei ongietorria egiteko, proiektuaren xehetasunak azaldu aurretik.