Iker Galartza: "Soldaduska aitzakia baino ez da bakarrik dauden bi lagun elkartzeko"

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 21a, 13:50
Iker Galartzak Joseba Usabiagarekin taularatuko du 'Erreleboa' antzezlana igandean, Sanagustinen.

Zazpi urte geroago, Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak Erreleboa antzezlana taularatuko dute berriro ere; oraingoan, Sanagustinen.

Azpeitiko XXIV. Antzerki Topaketetan estreinatu zuten Erreleboa antzezlana, 2005ean. Hori gutxi balitz, ekitaldiko obra irabazlea izan zen. Orain, bere bi­garren estreinaldiarekin, Azpeitira itzuliko dira. Igande arratsaldean, 18:30etik aurrera, Sanagustin kulturgunean ariko da Iker Galartza (Amezketa, 1977) aktorea, Joseba Usabiaga lagun duelaq, garaiko soldaduskaren gorabeherak gogora ekarriz.

Zazpi urte geroago, berriz ere Erreleboa antzezlanari heldu diozue. Nola sortzen da aukera hori?

Enkarguz izan zen. Normalean, enkarguz ez da gauza askorik ateratzen, baina Donostiako Antzoki Zaharrean lau egunez aritzea eskaini ziguten. Joseba Usabiaga eta bion lehen antzezlan profesionala izan zen, eta bere garaian 120 herritan ibili izan ginen. Donostian, esaterako, Lugaritzen izan ginen, eta oso ongi funtzionatu zuen. Hala ere, toki handixeago batean taularatzeko pena edo arantza geratu zitzaigun, eta hara non, orain, uda pasa ostean Donostian aurkezteko deitu ziguten.

Zer moduz doa bigarren etapa hau?

Oso gustura gaude. Gauza batek bestea ekarri du, eta beste herri batzutan ere taularatzen ari gara. Festa bat da guk eskaintzen duguna. Soldaduskaren kontuak ditugu hizpide, baina, oro har, komedia absurdu bat da. Beste antzelanetan ikusi gaituen jendeari ikusteko gogoa piztu zaio, erakargarria egiten zaiolako, eta lehendik ikusita zutenek errepikatu nahi izan dute.

Soldaduskan dauden bi lagun istorioa da. Antzezlana estreinatu zenutenean jada profesionala zen. Zazpi urte geroago, gazteek jakingo al dute zertaz ari zareten?

Gure seme-alabei sakeleko telefonorik gabe bizi ginela esatea bezala da hori. Ez lukete sinetsiko, ezta sakeleko telefonorik gabeko mundu bat irudikatuko ere. Soldaduskarekin antzeko zerbait gertatzen da. Bere garaian, soldaduskaren absurduri buruzko kritika egin nahi zuen, baina antzezlanean bi lagunen arteko harremanean eta bakardadean murgiltzen da. Biak etxetik urrun dau­de, eta elkarrekin pasatu behar dute gauat. Errelebo horretan konfidentziak, adiskidetasunak, haserraldiak, betebeharrak eta halakoak sortzen dira. Soldaduska ezagutu ez zuenarentzat zer zen ikusteko modu bat da. Dena dela, berdin-berdin izan ziteken bi soldadu izan beharrean, pertsonaiak naufragoak balira. Azken finean, aitzakia bat baino ez da bakardadean dauden bi lagun elkartzeko. Bakarrik dau­de, baina elkarrekin egotera kondenatuta. Adiskide egiten dira ala elkar egurtzen bukatzen dute. Ez dago besterik.

Gai serioak tratatzen dituzue,  betiere umorez zipristinduta. Errazago barneratzen al da horrela?

Gure publikoari hutsik ez egiten ahalegintzen gara. Askotan ahoa bete hortz uztea baino zailagoa izaten da, gainera. Jendeak Joseba eta bion kartel bat ikusi eta antzezlanean barrerik egiten ez badu, zerbait falta duela iruditzen zaio. Jendea aldez aurretiko jarrera batekin joaten da, eta erronka baten aurrean jartzen gaitu. Antzezlan hau berez gordinagoa izan ziteken, baina gu biok kasik behartuta ere bagaude umore ukitu ematera; batez ere, kontakizunaren hasieran, jendea harrapatzeko. Hil arte bizi lanarekin ere antzeko zerbait gertatzen zaigu. Bertan jorratzen ditugun gaiak gordinak dira, baina ikusleak barre egiten du. Jarraian, ordea, zera pentsatzen du: "Zergatik ari naiz barrez, pertsonaiak hil egin behar du eta". Umorea jendea zeureganatzeko modu zailena da, baina eraginkorrena.

Duela zazpi urte Azpeitiko Antzerki Topaketetan izan zineten, baita saria lortu ere. Alde horretatik, ilusioz itzuliko zarete, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Azpeitin bertan estreinatu genuen Erreleboa antzezlana. Ez  zait sekula ahaztuko egun hura: azaroaren 26an izan zen, eta jendez bete zen Soreasu. Antzokia bota aurreko azken emanaldia izan zen, eta gure antzezlanarekin agurtu zuten. Orain, Sanagustin kulturgunera itzuliko gara, eta pena bat da. Kontzertuetarako ongi prestatuta dago, baina teatro bat teatro bat da. Hala ere, publikoa gustura aterako dela uste dugu.

Garaiko antzezlana bere horretan taularatuko duzue ala moldaketak egin dizkiezue?

Moldaketa batzuk egin dizkiogu, bai. Aldaketa horiek kontakizunaren hoberako izan direla uste dugu. Bere garaian bata egin edo bestea egin pentsatzen aritu ginen, eta, orain, itzultzerakoan berrikuntzak egiteko aukeraz baliatu gara.

Eta zuek zein aldarterekin heldu diozue bigarren etapa honi?

Pozik, baina pixka bat harrituta gaude. Baita elkarri erdi-txantxetan ere: "Sabelalde horrekin eta ilea urdintzen hasita, ez duk 21 urteko mutil gazte bat ematen". Pixkanaka-pixkanaka, gero eta herri gehiagotatik deika ari zaizkigu, eta berri batzuk ere deituko digute. Aurten lan pixka bat izango dugula aurreikusten dugu.