Xanti Rodriguez: "Irudietan fantasia sortzea da gehien betetzen nauena"

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 20a, 18:59
Pasilloan erdi robota den pertsona bat ageri da, txakurrarekin. (XANTI RODRIGUEZ)

Argazkilaritza du ofizio eta afizio azpeitiarrak. Bizi du lanbidea, eta buruan dituen bestelako munduak kanporatzeko balio dio. Argazkilaritzan erronka nagusia garaira egokitzen eta eguneratzen joatea dela dio, eta horretan ari da.

Gaur egun argazkilariak bide berriak jorratu behar dituela dio Xanti Rodriguezek. "Eguneratzen joan behar dugu, garaikideak izateko". Hori du erronka, eta, hala, estudio propioa irekitzeko lanean ari da. Hil honetan, bi bigarren sari lortu ditu International Photo Awards-en, Los Angelesen (AEB); Moda Profesionalaren eta Efektu Digitalen ataletan lortu ditu sariak.

Argazki bat aukeratzeko eskatu, eta hau aukeratu duzu. Zergatik?

Niretzako argazki oso berezia da. Lauzpabost urte dauzka; Bartzelonan egin nuen lehen saio garrantzitsuan ateratakoa da. 3D-aren mundua argazkiarekin nahastu nuen. Lan hau egiteko hainbat zailtasun gainditu behar izan nuen, eta, bestetik, modeloa, estilistak... denak profesionalak izan ziren. Editorial baterako lana zen, atzerriko modako aldizkari baterako; Alemanian, Errepublika Dominikarrean, Brasilen, Ingalaterran eta atzerriko beste herrialde askotan publikatu zen. Argazki asko ditut kuttunak, baina hau niretzat oso garrantzitsua izan zen.

Zure argazkiak ikusita, askotan pentsatu ohi da: Irudi honek zer dauka errealitatetik, eta zer fikziotik?

Jende askok esaten du hori, eta neuk ere hori bilatzen dut. Baina bestelako argazkiak ere asko egiten ditut. Hala ere, nahasketa hori duten argazkiak dira arrakasta gehien dutenak. Normalean argazki gehienetan modeloa bera eta eskuan daukan osagarriren bat mantentzen ditut, eta fondoa-eta sortu egiten ditut. Horrek askotan aurrekontu txikiago batekin lan egiteko aukera ematen du. XXI. mendeko teknikak dira.

Beraz, teknologiari zukua ateratzen al diozu zure lanetan?

Asko, batik bat infografiekin-eta.

Bukaerako argazkian beti al dago zerbait erreala?

Beti izan behar du zerbaitek erreala. Baina gaur egun telebistan ikusten ditugun iragarki guztietako autoak, perfumeak... denak faltsuak dira, infografiekin egindakoak. Horrelako irudien aurrean herriko jendearen artean oraindik tabu bat-edo badago, baina mundu horretan gabiltzanok ohituta gaude. Objektu edota pertsona errealak hor daude, bestela argazkia izateari utzi, eta beste termino batzuk erabiltzera pasatuko ginateke.

Argazkia ateratzerako orduan, garbi izaten al duzu zer emaitza lortu nahi duzun?

Bai, bai. Gainera, prozesuko gauzarik garrantzitsuena hori da: aurretik garbi edukitzea zer lortu nahi den. Aurretik bozeto edo marrazki bat egiten dut orri batean, garbi izanik zein objektu nahi ditudan, argiak non jarriko ditudan... Gero nik argazkia nire espazio birtualera eramateko ezusteak ekidin egin behar ditut. Bukaeran zer nahi dudan hasieratik oso garbi izaten dut.

Bukaeran nolako argia izan nahi duzun ere bai?

Bai, bai. Baina normalean estudioko argiak erabiltzen ditut, eta ez dute izugarrizko zailtasunik. Estudioko laupabost argi nahikoa izaten ditut, eta hoiek lortu nahi dudanaren arabera jartzen ditut. Gero, kanpoko lanak egitera joaten naizenean, laguntzeko argi txiki bat eramaten dut.

Zure lana dago batetik, baina atzetik profesionalez osatutako talde baten laguntza ere izaten duzu, ezta?

Bai, hala da. Batzutan lortu nahi dudan horretan postprodukzio lanarekin bakarrik ez da nahikoa, profesional talde baten lana ere behar da: jantziak egiteko, ilea apaintzeko, makillatzeko... Irudi on bat lortzeko talde lana ezinbestekoa da. Nik profesional horiek behar ditut lanerako.

Estudiotik kanpoko lanak ere egiten dituzula esan duzu.

Azkena egin dudan lanetako bat hala izan da. Repsol markarentzako egin dut lan bat. Laster ezagutzera emango den iragarki baten filmatu zuten Bilboko BECen. Iragarki horretarako nik ateratako irudiak erabiliko dituzte. Lan hori egiteko han bertan zeuden baliabidetara, argira eta denborara moldatu behar izan nuen. Horrelakoetan presio handia sentitzen da, baina egin egin behar.

Bestela, argazkietan lantzeko zein gai dituzu gustukoenak?

Niri betidanik fantasia gustatu zait, mundu bat irudikatzea dut gustuko. Horrek niri buruan dauzkadan frikada denak askatzeko aukera ematen dit. Gainera, benetan atsegin dudana fantasia eta mitologia uztartzea da. Orain, Fernando Morillo idazle azpeitiarrarekin Durangoko Azokarako liburu bat prestatzen ari gara; Itzalen sua izango du izenburua. Morillok egindako testuaren gainean nik irudiak sortu ditut, euskal mitologiako pertsonaietan oinarrituta. Fantasia sortzea da gehien betetzen nauena.

Hara zer bi elkartu zareten...

Bi zoro. Behin elkartu, eta hizketan hasi ginen. Buruan euskal mitologia oinarri hartuta zerbait egiteko gogoa neukala azaldu nion orduan, eta berak ere horren inguruan istorio bat idazteko gogoa zeukala esan zidan. Hala, lan horri ekin genion. Bion artean mundu bat sortu dugu, eta tajutzen ari gara.

Argazkilaritza zure lanbidea da, baina zure zaletasuna ere ba al da? Hau da, denbora librean lantzen al duzu argazkilaritza?

Bai, bai. Nire kasuan lana eta zaletasuna desberdintzea zaila da. Nik gure aitarengandik ikasi dut hori: argazkilaritza neure zaletasun kreatiboarekin lotzea. Betidanik marraztu izan dut, eta askotan lanetik etxera joan, eta lanarekin segitu egiten dut. Morillorekin batera egiten ari naizen lana ere nire denbora librean egiten dut: umea lokartu ondoren, ordenagailu aurrean jarri, eta Tartalorekin, sorginekin, Marirekin... hasi izan naiz lanean.

Argazkilaritza ikasketak aitaren (AngelRodriguez) lanbideari segika hasi al zenituen?

Bi anaiok ikasle eskasak ginen, negargarriak. Nik margotzeko eskua baneukan, eta gure aitak 16 urterekin Bartzelonara argazkilaritza ikastera joateko aukera eskaini zigun. 16 urterekin eta Bartzelonara? Ni txoratuta joan nintzen. Orduan erabaki ona hartu genuela uste dut, urte batzuk pasatu ondoren benetan betetzen nauen lana dela ikusi dudalako. Asmatu genuen. Garai hartan ikasteari utzi eta beste lan batean hasi bagina...

Sari asko irabazi dituzu zuk egindako lanekin, eta batik bat atzerrian lortu dituzu.

Bai, azkenaldian batik bat sari batzuk lortu ditut. Aurreko urteetan Espainia mailan jaso nituen sari batzuk, baina Espainian ez daude sariketa asko. Azkenaldian nire helburu lortuezin bezala ikusten nituen lehiaketak jarri ditut, eta emaitzak etorri dira. Azkeneko bi sariak Los Angelesen irabazi ditut, eta iaz Bruselan Europa mailako beste bat jaso nuen. Gaur egun Internetarekin mundua txikia da, eta inongo konplexurik gabe, edozeinetara aurkezteko aukera ematen digu. Lortutako sariekin gustura nago, oso gustura.

Zure lanbidean sari horiek ateak irekitzen al dituzte?

Sariren bat jasotakoan herrian jende askok galdetzen didana zera da: Zenbat ordaindu diate?. Ordaindu ez dute egiten, askotan zenbait sariketatara aurkezteko geuk ordaindu behar izaten dugu. Baina askotan hori inbertsioa da. Azken batean, saria norberaren ibilbide profesionalaren aitorpena da. Sariak lortzea garrantzitsua izaten da publizitate enpresekin lanean jarduteko; publizitateko agentziak zure lanaz gainera irabazi dituzun sarien berri jakiteak balio bat baitauka. Sariak arma onak dira saltzeko, eta curriculuma osatzeko.

Laster saria jasotzera joan beharko duzu AEBra, ezta?

Bai, baina ez dakit joateko aukerarik izango dudan. Izan ere, hil honen bukaeran Irlandara joan beharra daukat lanera, Dublinera eta Cill Chainnigh-era (Kilkenny). Han argazkilaritzako jardunaldietan argazkilaritzaren etorkizunaz hitzaldi bat emango dut. Aurrez bidaia hori antolatuta neukan, eta Los Angeleseko sariak urriaren 9an emango dituzte. Nire nahia joatea da, baina ikusiko dugu nola moldatzen naizen.

Gertutik

  • Azpeitian jaioa, 1978ko apirilaren 11n.
  • Bartzelonan argazkilaritzako, komikigintzako eta aerografiako ikasketak eginda ditu.
  • Bere lanak hedabide ugaritan argitaratu ditu, eta enpresa ugarirentzako iragarkiak egin izan ditu.
  • Fotografia y cine de animacion (2011,Anaya) liburua du idatzita.
  • Nazioarte mailan sari ugari jaso ditu, azkenak International Photo Awards-eko bi sari.
  • www.xantirodriguez.com/