Fernando Morillok bi liburu aurkeztu ditu

Uztarria.eus 2012ko ira. 20a, 16:51
Fernando Morillo eta Unamunoko ikasleak gaur, aurkezpenean.

Bilboko Unamuno institutuan egin du aurkezpen ekitaldia, eta han aurkeztu ditu Abbadiaren sekretua eta Zonbia San Mamesen liburuak. Hurrengo lana Xanti Rodriguez azpeitiar argazkilariarekin egindako liburua izango da. Testua eta argazkiak uztartzen dituen liburua, hain zuzen.

Fernando Morillok (Azpeitia, 1974) bi liburu aurkeztu ditu gaur, osteguna, Bilboko Unamuno institutuan: Abbadiaren sekretua eta Zonbia San Mamesen. Aurkezpen berezia izan da. Izan ere, Miguel de Unamuno BHI institutuko ikasleak bertan izan dira, eta hainbat galdera egin dizkiote azpeitiar idazleari. Morillok adierazi duenez, "urteak eman ditut entzuten gazteek ez dutela irakurtzen. Nire eta Gaumin argitaletxearen asmoa da gaurko irakurleentzako bizipen zirraragarriak prestatzea. Zer esana eta zer sentitua eskaintzeko. Istorioen abentura goxarazteko".

Hurrengo lana

Morilloren hurrengo lana Itzalen sua izango da. Idazleak adierazi duenez, "jainko zaharrak esnatzen ari dira, eta mundua, gure segurtasunezko mundua, kolokan dago. Erokeria mitologiko hutsa da liburua, jende zoragarri askoren laguntzari esker egina".

Izan ere, Xanti Rodriguezekin elkarlanean egin du liburua. Morillok esan duenez, "Rodriguez zeresan handia emango duen artista da". Irudiak eta testuak uztartu dituzte liburuan, eta DIM musika taldea lanarentzat soinu-banda prestatzen ari da. Alicia de Miguel estilista eta Monika Agirre makilatzaileak ere hartu dute parte proiektuan, eta argazkiak zenbait aurpegi ezagunekin egin dituzte, hala nola, Ander Lipus, Iban Garate, Oihana Maritorena, Joan Mari Irigoien, Lakrikun Antzerki Taldea, Xabier Euzkitze, Estitxu Fernandez, Ilaski Serrano, Nerea Garmendia, Su ta Gar musika taldeko kideak...

Aurrera begira, helduentzako umorezkoa eta era berean beltza den thriller bat prestatzen ari da azpeitiar idazlea.