Itxialdia uztea erabaki dute Corrugados Azpeitiako langileek

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko ira. 17a, 18:58

Ostiralean, irailak 14, hartu zuten erabakia. Grebari eutsi egiten diote, ordea, eta bestelako mobilizazioekin ere aurrera egingo dutela adierazi dute langileen ordezkariek.

Corrugados Azpeitiako hainbat langile lantegiko laminazio plantan egiten ari ziren itxialdia amaitu da. Joan den ostiralean, irailak 14, hartu zuten erabakia. Ekainaren 15etik daude greban Corrugadoseko langileak; gaur, irailak 17, 96. greba eguna bete dute. Zuzendaritzak 60 langile kaleratu nahi zituela salatzeko, gainontzeko langileei soldata %35 jaistea eta urteko lanaldia 49 ordu luzatzea, ekin zioten protestari. Hasieran astebeterako deitu zuten greba laster mugagabe bihurtu zen, eta horri eusten diote.

Itxialdia amaitu badute ere, greban jarraituko dutela eta bestelako mobilizazioekin ere aurrera egingo dutela aditzera eman dute gaur Corrugadoseko langileen ordezkariek. Horrela, besteak beste, bihar (asteartea) Azpeitian BBVA banketxearen bulego aurrean elkarretaratzea egitekoak direla (10:30ean) eta asteazkenean, berriz, protesta Ajuria Eneako atarira eramango dutela adierazi dute.

Gaur astebete, irailaren 10ean, enpresaren jabetza duen Alfonso Gallardo Taldeko buruekin bilera egin zuten Madrilen Azpeitiko lantegiko langileen LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariekin. Bilera hartan, hasierako planteamenduarekiko aldaketekin izan arren, zuzendaritzak murrizketei eusteko asmoa plazaratu zien langileen ordezkariei. Eskaintza berria aintzat ez hartzea erabaki zuten orduan langileek, eta greban eta itxialdian jarraitzea.

Itxialdia, barrutik

Langileek itxialdia amaitzeko erabakia hartu bezperan hartu zituen, hain zuzen ere, Urola Kostako Hitza-k Corrugados Azpeitiako langileen bizipenekin osatu duen bideoaren irudiak.