Garmendiko bidegorri zatiaren lanak hasi ditu Udalak

Uztarria.eus 2012ko ira. 14a, 20:54
Garmendin trenbide zaharraren parean ari dira lanean.

Bi fasetan egingo dituzte. Aurrenekoa abian da eta bigarrenaren lanen esleipena bi astetan eginda izatea aurreikusten dute. Epeak betez gero, urtarrilean amaituko dira obrak. Loiolatik datorren bidegorria Artzubikoarekin eta hori Amuekoarekin lotuko ditu zati berriak.

Bidegorri sarea osatzeko beste pauso bat martxan jarri du Udalak. Horrela, dagoeneko hasi dituzte Garmendin hango bidegorriaren lanak. Bi fasetan egingo dituzte, eta aurreneko honek hiru hilabete irautea aurreikusi dute. Lehen fasean, Loiolatik datorren bidegorria Artzubitik datorrenarekin lotuko dute; horrekin batera, Garmendipeko anexoaren ondotik doan espaloia ere berritu egingo dute, eta aparkaleku berriak egokituko dituzte inguru horretan.

Bigarren fasearen lanen esleipena bi astetan eginda izatea aurreikusten dute Udalean. Obraren zati horretan, Loiolatik eta Artzubitik datozen bidegorriak Amuetik Garmendipe aurreraino datorrenarekin lotu eta kiroldegi aurreraino luzatuko dute bidegorria. Gainera, Garmendipe futbol zelaiaren aurrekaldea txukuntzeko baliatuko dituzte lanak, espaloi eta aparkaleku berriak eginez.

Bi faseak kontuan hartuta, lanen aurrekontua 475.000 eurokoa da eta Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean ordainduko dute: Udalak fase bakoitzaren %40a ordainduko du, eta gainerakoa Jaurlaritzak. ART enpresa da lehen faseko lanak egiten ari dena. Bigarren fasearen lanak, esan bezala, emateko daude; Udalak jakinarazi duenez, lanok bost enpresari eskaini zaizkie.

Epeak betez gero, urtarrilean amaituko dira obrak.