Burrundara herrikoiaren txanda

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 14a, 20:02
Gaur, ostirala, jarri dute tranpaldoa Perez Arregin, Etxe Zuri aurrean, Kriston Burrundaye jaialdiaren kontzertuetarako.

Herriko hainbat musika talde zuzenean ariko da bihar, zapatua, Kriston Burrundaye jaialdi berrian.

Azpeitiko musika taldeen plaza izateko jaio da Kriston Burrundaye jaialdia. Bihar arratsaldean egingo dute, herriko hiru gunetan banatuta, 17:00etatik aurrera, eta, guztira, zortzi banda ariko dira zuzenean: Aldexok, M, Old Bridge, Estruktura, Reddum, Sardin Zaharrak, Belar Txarrak eta Der Untergang. Garai bateko Triku Festiek zuen ideia edo filosofia bera hartu du oinarri jaialdi berriak. Iaz antzeko ekitaldi bat antolatu zuten Sanjuandegi auzoan Auzo Rock izenean, baina aurten ezin izan dute bertan antolatu eta alde zahar inguruan izango dira kontzertuak.

"Taldeak lotuta geneuzkan aurten izan behar zuen Auzo Rock-erako, eta irtenbide gisa, herriko tabernariei jaialdia egiteko proposamena egin genien. Hauek baiezkoa eman zuten, eta aurrera", azaldu du jaialdiko antolatzailetako bat den Koldo Eizmendik. Horrekin batera, izena aldatu diote egitasmoari, Jotakie musika talde mitikoaren omenez; Kriston burrundaye aipatu taldearen abesti ezagunetako bat izan zen.

Eremu ezberdinetan

Hiru gune zehaztu dituzte jaialdirako. Arratsaldeko kontzertuak Etxe Zuri taberna aurreko gunean eta Fronto Txikiko gunean izango dira; eta iluntzekoa, berriz, Sanagustin kulturgunean. Kontzertuak 17:00etan hasiko dira Etxe Zuriko gunean, baina Frontoi Txikiko gunekoekin txandakatuz joango dira; hau da, batean kontzertua bukatzen denean, bestean hasiko da eta horrela hurrenez hurren. "Gisa horretan, mugimendua sortu nahi dugu herrian, kontzertuak ikustera gerturatzen den jendea batetik bestera mugitu dadin", dio antolatzaileak.

Era berean, "jende klasea" bere ohiko tokitik aldatzeko saiakera egingo dute antolatzaileek: "M eta Estruktura taldeko jendea, pop-indie joerakoa, Etxe Zurin ibiltzen da, eta Old Bridge, Aldexok eta Reddum bezalako talde gogorragoak edo punkagoak Txarrantxa inguruan. Hori horrela, taldeak ere euren ohiko tokietatik aldatzea erabaki dugu". Gaueko emanaldiak biribilduko du ekitaldia. Bertan, talde hasiberriei emango diete jotzeko aukera. "Halako taldeak jotzen hasten direnean ez dute antzoki handi batean eta ekipo handi batekin jarduteko abagunerik izaten", nabarmendu du Eizmendik. Sardin Zaharrak, Belar Txarrak eta Der Untergang taldeak ariko dira Sanagustinen.

Biharkoa Kriston Burrundaye jaialdiaren estreinaldia izango da, baina ez azkena. Antolatzaileek datozen urteetan ere egitasmoarekin jarraitu nahi dute. Eizmendiren iritziz, "urteko egun batek herriko musika taldeentzako izan beharko luke, eta espero dugu jaialdi hau izatea".

Egitaraua

  • 17:00etan. Etxe Zuriko gunean; eguraldi txarra egiten badu, Orkatz tabernan: Old Bridge, Reddum eta Aldexok.
  • Aldi berean (eta txandaka).  Frontoi Txikiko gunean; eguraldi txarra egiten badu Txarrantxa tabernan: M eta Estruktura.
  • 23:00etan hasita. Sanagustin kulturgunean: Sardin Zaharrak, Belar Txarrak eta Der Untergang.