"Lurrun trena martxan jarri genuenetik bisitariak hirukoiztu egin dira"

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 14a, 17:38
Trenaren museoa aldatzeko asmoaren baitan, harrera berritzea izan da aurreneko pausoetako bat. (ANE OLAIZOLA)

Burdinbidearen Euskal Museoa aldatzeko egindako urratsek emaitza onak izan dituztela dio Maitane Ostolazak, museoaren Fundazioko zuzendariak.

"Oso baikorra eta positiboa izan da uda Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan", dio Maitane Ostolazak, Euskal Burdinbidearen Museoa Fundazioko zuzendariak. "Hainbat oztopo eta zailtasun gaindituz, azkenean lurrun trena martxan jarri genuen. Gaur egun hori da jendea gehien erakartzen duena museora. Horrek guztiari buelta eman zion, eta museoko bisitarien kopurua hirukoiztu egin da", dio.

Uztailean gehitu egin dira bisitariak, eta abuztuan are gehiago izan dira Azpeitiko trenaren museora etorritakoak. Uztailean jarri zuten martxan museotik Lasaora arteko lurrun tren ibilaldia. Jaiegunetan eta asteburuetan eskaini zuten zerbitzua. Abuztuan, berriz, trena gehiagotan jarri zuten martxan, eta "jende piloa ibili da".

Bisitarien igoeraren adierazle den beste datu bat ere eman du Ostolazak. Bost geltoki historian izenburudun turismo eskaintzan parte hartzen du Azpeitiko Burdinbidearen Museoak. Abonu bidez funtzionatzen du eskaintzak. "Abonuen salmenta, museoaren arrakasta erakusten duenaren beste ispilu bat da, eta iazko datuekin alderatuta asko igo da. Iaz 35 abonu saldu ziren, jendeak lehenengo geltoki bezala hau aukeratuta, eta aurten 241 abonu saldu dira dagoeneko. Zirkuitua bisitariek trenaren museotik hasi dutela erakusten du horrek. Datu pozgarria da, eta horrek inguruko beste turismoko lekuetan ere eragina izango zuela uste dut".

Udan lurrun trenerako makinistak formatzeko ikastaroa ere eman dute museoan. "Hala, lurrun trenaren zerbitzua ziurtatu egiten da, eta zerbitzua ematen segituko dugu, asteburuetan eta jaiegunetan. Momentuz abendura arte jarraitzeko asmoa dugu eta gero ikusiko dugu". Larunbatetan 12:30ean eta 18:00etan irtengo da lurrun trena museotik eta igandetan, berriz, 12:30ean.

Museo kanpokoak

Orain bi aste Gasteizen Green Capital ekimenaren baitan burnibidearen historiari buruzko erakusketa bat zabaldu du Euskal Burnibidearen Museoa Fundazioak, eta izaten ari den harrerarekin oso gustura daude. "Erakusketan Azpeitiko museoaren zatitxo bat jarri dugu erakusgai. Museoan gordeta dagoenaren zati txiki bat kanpora atera dugu, baina Gasteizkoa Azpeitiko museora bisitariak erakartzeko amu bezala ikusten dugu".

Gasteizko erakusketaren irekierak berak "sekulako arrakasta" izan du. "Erakusketan museoko bertako piezak ikus daitezke. Baina, argi ikusten da pieza hoiek nolako jokoa ematen dute testuinguru egoki baten baitan jarri eta diskurtso historiko sendo batekin laguntzen direnean. Emaitza izugarria da, eta aurrera begira museoa bide horretatik bideratu nahi dugu. Ea poliki-poliki museo honetan ere aldaketa hori ematen den. Egin ditzakegun beste ekintza batzuez gainera: hitzarmenak, elkarlana... Museoa bera ere aldatzen joanaz".

Museoa aldatzeko bidean

Euskal Burnibidearen Azpeitiko Museoa aldatzeko asmoaren baitan, joan den abuztuaren hasieran museoaren harrera birmoldatu egin zuten, altzari berriekin-eta hornituz. "Museoa aldaketzeko asmo horren baitan, harreraren aldaketa lehen etapa izan da, eta hor ikusi daiteke museoaren filosofia zein den: Urola da lehendabizikoa, Urolak hartuko duen garrantzia; Urolako trena eta museoa bailara honetan kokatuta daudelako. Ez da kasualitatea izan harreran Urolako trenari lotutako irudi historikoak jartzea", dio. Horrez gain, burnibidearen eta trenaren historian giza faktoreak izan duen garrantzia nabarmendu nahi dute, "trenak garrantzitsuak dira, baina gizakiarekin eta gizartearekin lotuta. Ideia hoiek isladatzen saiatu gara museoaren harreraren aldaketa egiterakoan".

Une honetan, museoan bertan Urolako trenari buruzko erakusketa bat dute eta Gasteizen burnibideari buruzko beste bat. Museoaren arduradunen asmoa, erakusketa hoiek mugitzea eta beste toki batzuetan erakusgai jartzea ere bada. "Museoan daukagun ondarea izugarria da, bai kantitatez eta baita kalitatez ere. Egin nahi dugun aldaketa prozesuan diskurtso bat egiten dugun heinean, bilduma beste era batera planteatzen dugunean, agian pieza gutxiagorekin gauza gehiago egin, eta elementuak beste toki batzuetan erakutsi daitezke. Museoa demokratizatzeko eta ezagutarazteko era bat izan daiteke", azaldu du Ostolazak. Museoa bere eremu fisikotik kanpora ateratzea dute asmo, eta ahalegin horretan ari dira lanean. "Gero, horrek zein fruitu ematen dituen ikusiko dugu".

Hitzarmenak eta elkarlana

Azpeitiko trenaren museoan bilduta eta gordeta dagoen dokumentazioa katalogatzeko lanean ari dira azken hilabeteotan. Era berean, museoan ikerketa lanei bide emateko hainbat lankidetza hitzarmen sinatu ditu Euskal Burnibidearen Museoa Fundazioak, besteak beste, Deustuko Unibertsitatearekin, Euskal Herriko Unibertsitatearekin edota Valentin de Foronda Institutuarekin.

Horrez gain, herriko hainbat eragilerekin ere elkarlanean ari dira museokoak edota jarduteko asmoa dute. Orain esaterako, Azpeitiko Argazki Elkartearekin batera antolatutako Tren Bidea 2012 argazki lehiaketa du martxan. "Argazki lehiaketara aurkeztu eta aukeratuta eta irabazle izaten diren argazkiekin erakusketa zabalduko dugu urrian, museoan bertan". Sanagustin kulturgunean ere trenari buruzko aste bat bete ekitaldi antolatzeko asmotan dabiltzala aurreratu du Ostolazak, "trenari buruzko kultur aste bat antolatu nahi dugu hitzaldiekin, film emanaldiarekin...".