Juan Joxe Agirre: "Argazki ederrak ateratzeko ondo planifikatu behar da lana"

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 13a, 18:30
Agirrek 1996ko neguan atera zion argazkia Aizarnako Santa Engrazi mendiko ermitari, eguzkia ezkutatzen ari zenean. (JUAN JOXE AGIRRE)

Juan Joxe Agirrek ibilbide luzea du argazkilaritzan. Duela lau hamarkada heldu zion zaletasunari, eta Azpeitiko Argazki Elkarteko sortzaileetako bat da. Herriko baserrien argazkiekin webgune bat sortzea du hurrengo erronka.

Naturarekin lotutako paisaiek erakartzen dute Juan Joxe Agirre argazkilari azpeitiarra. Duela 40 urte murgildu zen "buru-belarri" argazkilaritzan, eta ordutik milaka argazki atera ditu inguruko txokoetan. Horregatik, irudi bat aukeratu behar, eta Aizarnako Santa Engrazi ermitari ateratakoa aukeratu du.

Zergatik aukeratu duzu argazki hau?

Santa Engraziko argazki bat da, eta lekua oso gustokoa dut. Gaztetatik askotan joan izan naiz ermita horretara; hori da argazki hau aukeratzeko arrazoia. Mendi xumea izan arren, bertatik degoen ikuspegia oso ederra da, eta ermitaren horma lodi, erloju zahar eta kanpai erraldoiak xarma magikoa ematen diote gailur horri. Argazkia 1996an atera nuen; egun horretan telebistan esan zuten arratsaldean itsasotik behe-lainoa sartuko zela. Beraz, nahita joan nintzen bertara, eta zortez harrapatu nuen nahi nuena. Etumetara joan nintzen, lainoen gainetik, zerbait bilatu nahian, eta horrela egin nuen Santa Engraziren argazki sorta ederra. Beti esan izan dut argazki ona ateratzeko leku egokira momentu egokian joan behar dela. Lainoek ematen duten jokoa asko gustatzen zait; laino gainetik ateratzeaz gain, baso batera joan eta behe-lainoak sortzen duen xarma eta misterioa asko gustatzen zait, eta horien bila joaten naiz. Horregatik, eguraldi iragarpena jarraitzen dut, goizean goizetik. Buruan beti izaten ditut egokiak izan daitezkeen argazkiak. Hor dago koska. Kasualitatez ere atera daitezke argazki onak, baina askotan ondo planiļ¬katu behar da lana.

Paisaiak jorratzen dituzu, natura. Zer eragiten dizute irudi horiek?

Asko asetzen naute modu horretako irudiek. Argazkiak atera gabe ere, mendian buelta bat ematea ere gozagarria da. Hori guztia, argazki ederrak ateratzera egokitzen bada, are eta ederragoa da. Hala ere, argazki rallyetan milaka gai jartzen dizkigute, eta horietara ere moldatu egin behar dugu.

Eskualde honek horretarako aukera asko ematen al du?

Bai. Argazki onak ateratzeko lurralde exotikoetara joan behar dugula uste dugu askotan, baina horietara joanda ere, hainbat baldintzak asko eragiten du: argiak, eguraldiak... Hemen mila txoko daude oso ederrak direnak, baina jakin egin behar da noiz joan bertara, eta zer teknika erabili. Batez ere, inguruko basoetan eta mendietan ibiltzen naiz, baina baita Nafarroan ere.

Nolatan hasi zinen argazkilaritzan?

Duela 40 urte hasi nintzen honetan. Koinatua oso argazkizalea dut. Aurretik ere banuen argazki kamera kaxkar bat, baina hura ezagutu nuenean buru-belarri murgildu nintzen argazkilaritzan. Diapositibak jorratzen genituen hasieran.

Erakusketa asko eta asko egin dituzu, baita sari ugari jaso ere. Horiek guztiak zure jarduera ezagutarazteko balio izan al dute? Hala uste al duzu?

Bai. Argazki pila bat ateratzen ditut, eta horiek norbaitengana iristen ez badira, motz geratzen naiz. Ateratako argazkiak erakustea gustatzen zait. Interneten ere nire argazki mordo bat dago, jendeak ikus dezan.

Aurrera begira beste erakusketa bat zabaltzeko asmoa al duzu?

Momentuz, ez. Azpeitiko Argazki Elkartearekin batera erakusketa pila bat egiten dugu, modu kolektiboan. Baliteke gerora zabaltzea erakusketaren bat, baina momentuz ez dut horretarako harrik.

Azpeitiko Argazki Elkarteko sortzaileetako bat zara. Nolakoak izan ziren hastapenak?

Elkartea sortu baino lehen, Imanol Eliasek Antxieta kultur etxea eramaten zuen aurrera, gogoan dut, eta hark sokamuturraren inguruko argazki lehiaketak antolatu ohi zituen. Argazkilari batzuk elkartzen ginen, eta orduan sortu zen elkartea martxan jartzeko ideia. Hamar lagun ginen garai hartan, eta orain 50 pertsona baino gehiago daude. Gazte asko daude, eta horiek digitalizazioaren inguruko berrikuntza ugari ekarri dituzte.

Azpeitiko baserrien argazkiak sarean jarri nahi dituzu, ezta?

1997an Azpeitiko baserriak argazkitan liburua argitaratu zuen Azpeitiko Udalak, nire argazkiekin. Bertan, Azpeitiko 400 baserri ingururen irudiak jaso nituen, koloretan eta tamaina handian. Datu deigarria zera da, bilduma hori egiten hasi nintzenetik 30 desagertu direna, enpresak, etxeak edo errepideak direla eta. Nire asmoa, beraz, webgune bat egitea da. Hala, baserrien argazki horiek denak eskaneatu, eta Interneten jarriko nituzke. Eta horrek liburuari balio handiagoa emango lioke. Oraindik, ordea, egitasmoa zirriborro bat baino ez da.

Gertutik

  • Azpeitianjaioa, 1945ean.
  • Azpeitiko Argazki Elkarteko sortzaileetako bat da.
  • 200 saritik gora ditu; hala nola, Trofeo Gipuzkoa lehiaketako Euskal Herriko argazkirik onenaren saria, Donostiako argazki rallyetan lehen sariak. "300 lagunetik gora parte hartzen zuten garaietan. Lekuko Agenda 21 saria lau urtean irabazi du. Iaz 11 sari jaso zituen, gehienak argazki rallyetan.
  • Bakarkako eta taldeko erakusketak egin ditu; bakarkakoak, Azpeitian, Azkoitia, Tafallan eta Donostian.
  • www.flickr.com/photos/juanjoxeagirre