Libe Aranburu: "Antzezlan hau erronka da, aktore eta pertsona gisa"

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 12a, 19:15

Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kidearen paperean ariko da azpeitiar aktorea Su txikian antzezlanean. "Antzezlana euskaraz Azpeitian estreinatzeak hasieran ilusioa egin zidan, baina egunak pasatzen ari diren bezala nerbio gehiago sentitzen dut. Senideak, lagunak, herrikideak... bertan izango dira eta urduritasun extra hori izango dut. Baina herrian estreinatzea polita da", dio

Loiolako-eta elkarrizketa politikoei buruzko Su txikian antzezlana prestatzen ari da Glu Glu konpainia. Galder Perez da antzezlanaren zuzendaria, eta berak idatzi du obra, Imanol Murua Uria zarauztar kazetariaren Loiolako Hegiak (Elkar, 2010) eta Jesus Egiguren aizarnar politikariaren ETA. Las claves de la paz (Aguilar, 2011) liburuak oinarri dituela. Antzezlanaren euskarazko bertsioa azaroan Azpeitian estreinatuko dute, Euskal Antzerki Topaketen baitan.

Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kidearen paperean ariko da Libe Aranburu azpeitiar aktorea. "Antzezlanean parte hartzea eskaini zidatenean bertigo handi samarra sentitu nuen, politikoki-eta gertu ikusi ditudan gauzak azaltzen dituelako. Baina, pertsona eta aktore bezala erronka bat da, eta ilusio handiarekin ari naiz", dio.

Uztailean hasi ziren antzezlaneko testuak lantzen eta hil honen 3tik Su txikian antzezlanaren entseguetan murgilduta daude, Elgoibarren.

Aranburuk Glu Glu konpainiarekin egiten duen seigarren lana da hau, eta ia obra guztiak Galder Perezen zuzendaritzapean egin ditu, "lan bat Aizpea Goenagak zuzenduta egin nuen, baina beste guztietan Galder izan dut zuzendaria, eta nola lan egiten duen badakit". Libe Aranburuz gainera Martxelo Rubio (Josu Jon Imazen paperean), Joxemari Carrere (Jesus Egigurenean), Ugaitz Alegria (Iñigo Urkullunean), Mañu Elizondo (Rodolfo Aresenean) eta Gabriel Ocina (Arnaldo Otegirenean) aktoreak ariko dira Su Txikian antzezlanean.

Azkeneko hamarkadan euskal gatazkaren konponbiderako saioek ibilitako bidea jasotzen duen antzezlanaren euskarazko bi bertsioak Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen baitan estreinatuko dituzte: azaroaren 6an udaletxeko ganbaran (ganbarako bertsioa), eta hil bereko 9an Soreasu antzokian. Gaztelaniazkoa, berriz, Elgoibarren egingo dute estreinekoz, azaroaren 16an. "Antzezlana euskaraz Azpeitian estreinatzeak hasieran ilusioa egin zidan, baina egunak pasatzen ari diren bezala nerbio gehiago sentitzen dut. Senideak, lagunak, herrikideak... bertan izango dira eta urduritasun extra hori izango dut. Baina herrian estreinatzea polita da", dio Aranburuk. Antzezlanak jendartean nolako erantzuna izango duen jakinmina badu aktoreak, "ikusiko dugu".