Herrira Eguna eta Umeen Eguna asteburuan

Uztarria.eus 2012ko uzt. 27a, 12:22

euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde Herrira Eguna izango da. Igandean, berriz, Umeen Euskal Festa izango da eta egun osorako ekimenak antolatu dituzte.

Saninazioak hasi aurretik, astebururako hainbat ekimen antolatu dituzte. Bihar, zapatua, Azpeitiko Herrira herri bilguneak antolatuta Herrira Eguna izango da, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde. Horiek bizi duten egoera irudikatzeko eta euren eskubideak aldarrikatzeko ekimen berritzaileak egingo dituzte, "parte-hartzaileak eta erakargarriak" izateko asmoz antolatuta.

Eguerditik aurrera, Pedalkadaz pedalkada espetxeetara ekimena egingo dute plazan. Bost bizikleta jarriko dituzte, eta han parte hartuko dutenek, "presoenganako urruntasuna puskatzea irudikatu eta sakabanaketa salatuko dute". Arratsaldeko seiretan, berriz, plazatik irtenda sokatik tiraka autobusa
mugituko dute anbulatorioraino, "denon indarrarekin presoz betetako autobusa ekarri dezakegula irudikatuz", diote Herrirakoek. Ekimenari bukaera plazan emango diote ekitaldiarekin, eta ondoren herri afaria egingo dute azoka plazan. Afarirako txartelak Orkatzen eta Jim Clarcken jarri dituzte saltzen.

250 haur inguru 

Igandean, berriz, Haurren Euskal Jai eguna ospatuko da. Meza ondoren, erraldoien kalejira izango da, parrokiatik irtenda. Hamabost herritako erraldoiek hartuko dute parte desfilean. Gero, dantza txapelketa eta sari banaketa egingo dituzte plazan.

Aurten, gainera, Marea Arrosaren olatuaren baitan, Umeen Egunerako ekitaldiak antolatu
dituzte begiraleekin: haurren bazkaria, jolasak eta erromeria egingo dituzte. Ekimen honetan
parte hartzeko 250 haur inguruk eman dute izena.

Igande arratsaldean, 18:00etan, Azpeitiko Zezenzale Elkarteak saninazioetarako antolatutako zezenketetako zezenen desenkajonamendua izango da zezen-plazan. Escolar Gil, Palha eta Valdefresno ganadutegietako zezenak aterako dituzte.

Egitaraua, hemen:

Zapatua, hilak 28, Herrira Eguna

11:00. Txitximorerekin gune beltzen koloreztatzea, plazatik.

12:00. Pedalkadaz pedalkada espetxeetara ekimena, plazan.

16:00. XXXII. San Ignazio Saria. Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta, plazatik.

18:00. Sokari tiraka presoak herrira ekimena, plazan. Segidan, ekitaldia.

21:00. Herri afaria, azoka plazan.

Igandea, uztailak 29, Umeen Euskal Festa

10:00. Goiz eresia, Juan Antxieta musika eskolako txistulariekin eta banda gaztearekin.

11:00. Umeen meza, parrokian. Juan Antxieta musika eskolako abesbatzak abestuko du.

11:30. Erraldoien desfilea, kaleetan.

12:00. Haurrentzako dantzak, plazan.

12:30. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa, plazan.

14:00. Haurrentzako bazkaria, azoka plazan.

16:00 .Haurrentzako jolasak.

18:00. Umeentzako erromeria, plazan.

18:30. Saninazioetako zezenketetan toreatuko diren zezenen desenkajonamendua, zezen-plazan.

18:30. Umeen Egunean parte hartu dutenak jasotzeko ordua.

19:30. Gauerdi txaranga.