Aurtengo saninazioetan ere ez da etorriko Patxi Lopez

Uztarria.eus 2012ko uzt. 26a, 14:45

Lopezen ordez Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua etorriko da hilaren 1ean, ekitaldi instituzionalean parte hartzera. Lopez ez da saninazio bigarrenez egiten den ekitaldian izan, Jaurlaritzako lehendakari denetik.

Patxi Lopez (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako lehendakaria aurten ere abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenean, ez da etorriko Azpeitira. Hala jakinarazi dio Azpeitiko Udalak Uztarriari. Ohikoa da San Inazio bigarreneab Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Azpeitian izatea, ekitaldi instituzionalean egoteko, baina azken hiru urteotan bezalaxe Patxi Lopez ez da herrian izango.

Lopezen ordez Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua etorriko da, iaz bezala. Beste zenbait politikari izango dira hilaren 1ean Azpeitian: besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko lehendakaria. Udaletik azaldu dutenez, Quiroga Loiolako elizkizunera soilik joango da.

Juan Jose Ibarretxe (EAJ) izan da Azpeitian saninazioetan izan zen Jaurlaritzako azkeneko lehendakaria.

Jose Ignacio Munilla gotzaina ere herrian izango da saninazioetan. Bi aldiz etorriko da herrira: uztailaren 31n, asteartea, eta abuztuaren 1ean, asteazkena. Asteartean, 11:00etan, San Inazio eguneko meza emango du parrokian, eta asteazkenean, 11:00etan, San Inazio bigarreneko meza nagusia, Loiolako basilikan.