Iñaki Errazkin izango da Gipuzkoako Ingurumen diputatu berria

Berria.info, Uztarria.com 2012ko uzt. 20a, 14:19

Gaur, ostirala, jakinarazi du Martin Garitano Ahaldun nagusiak Errazkin izango dela Juan Carlos Alduntzinen postua hartuko duen diputatu berria. Astelehenean izango da kargu-hartze ekitaldia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur jakinarazi duenez, Iñaki Errazkin izango da Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatu berria. Errazkinek hartuko du Juan Carlos Alduntzinen postua. Astelehenean, hilak 23, izango da kargu-hartze ekitaldia. Ahaldun nagusiak astelehenean kenduko du Alduntzin kargutik, eta orduan hartuko du ardura berria Errazkinek.

Haritz Salaberria Lezoko alkate ohi eta ahaldun nagusiaren kabineteko taldekideak hartuko zuela kargua esan zuen Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak. Baina, gaur, Martin Garitanok Ahaldun nagusiak esan du Errazkin izango dela Alduntzinen lekua hartuko duena. EAJk, PSE-EEk eta PPk Alduntzin kargutik kentzeko zentsura mozioa aurkeztu, eta onartu zuten Batzar Nagusiek uztailaren 6an.

Errazkin Azpeitiko alkate izan zen aurreko agintaldiaren hasieran. Iazko hauteskundeez geroztik, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabinete burua izan da.