Unai Orbea txirrindulariak urrezko domina irabazi du Eskolarteko Espainiako Txapelketan

Uztarria.eus 2012ko uzt. 19a, 17:04

Kadete mailako erlojupeko proban lortu du garaipena. Mireia Epelde, berriz, Limousineko Tourrean izango da gaurtik, osteguna, igandera bitartean.

Unai Orbea azpeitiar txirrindulariak Eskolarteko Espainiako Txapelketan urrezko domina irabazi du. Joan den astebukaeran egin zen txapelketa Asturiasen eta Euskadiko selekzioarekin hartu zuen parte azpeitiar gazteak.

Lagun Onak Txirrindulari Elkartearen Atracciones Sanz taldeko kidea da Orbea eta asteburukoa ez da haren aurreneko garaipena denboraldi honetan. Lasterketa bat baino gehiagotan ibili da, gainera, puntan. Besteak beste, kadete mailako Euskadiko Txapelketan: bigarrena izan zen Orbea, Oier Ibarguren taldekiaren atzetik. 

Mireia Epelde Limousineko Tourrean

Mireia Epelde (Azpeitia, 1985) txirrindularia Limousineko Tourrean izango da gaurtik, osteguna, igandera bitartean. Aurtengoa 18. edizioa da, eta Lointek taldeko sei txirrindulari izango dira bertan: tartean, Epelde.

Hilaren 12tik 15era bitartean Bretainiako Tourrean izan da azpeitiarra, eta sailkapen orokorrean 66.na izan zen.