Atez atekoaren kontra eta edukiontzi bilketaren aldeko 483 sinadura aurreneko asteburuan

Uztarria.eus 2012ko uzt. 18a, 18:46

Datorren honetan zapatuan, 21ean, jarriko dituzte mahaiak EAJkoek. Herritarrei dei egiten diete, "lotsa galduta" mahaietara hurbildu "eta beren borondatearen agerpena egin" dezaten.

Azpeitiko EAJk joan den astebukaeran jarri zuen martxan edukiontzi bidezko hondakin bilketaren alde eta atez atekoaren kontrako sinadurak biltzeko kanpaina eta gaur, asteazkena, eman dituzte uztailaren 14an eta 15ean lortutako emaitzen datuak: guztira 483 sinadura jaso zituzten kanpainaren aurreneko asteburuan, plaza Nagusian, Jose Artetxe kalean eta Sanjuandegin jarritako mahaietan.

Datorren asteburu honetan ere leku berdinetan jarriko dituzte mahaiak, baina zapatuan, 21ean, bakarrik, igandean festa ekitaldiak egongo direlako. Eguerdi partean jarriko dituzte sinadurak biltzeko postuak eta "lehenengo asteburuko arrakastarekin jarraitzeko itxaropena" azaldu dute EAJren arduradunek. Herritarrei dei egiten diete, "lotsa galduta" mahaietara hurbildu "eta beren borondatearen agerpena egin" dezaten: "Edukiontzien, kontenedoreen bidez hondakinak jasotzearen alde daudela, eta inposatu nahi den atez ateko bilketaren aurka".