Betiko tribua aurpegi berriekin

Uztarria.eus 2012ko uzt. 13a, 18:36

12 Tribu reggae talde berritua zuzenean ariko da bihar, zapatua, herriko plazan, 23:30ean hasita; ondoren, Adabegik joko du.

Maiatzean Freedom sounds diskoa argitaratu zuen 12 Tribu musika talde azkoitiar-azpeitiarrak,
baina bihar gauean, 23:30etik aurrera, herriko plazan eskainiko duen kontzertuan lan berriko abesti gutxi batzuk baino ez ditu joko. Aipatutako grabazioa ez da berria, eta, jakina, bertan jaso dituzten abestiak ere ez. Duela hiru urte grabatu zuten, baina bolada horretan taldeak bere bidea etetea erabaki zuenez, "zintzilik" geratu zen. Denbora bat pasatu ondoren, hasierako taldekide batzukmusikari berriekin elkartu ziren, tribua berriro kantuan jartzeko asmoz. Beraz, lan berria oraintsu atera badute ere, ez du egungo formazioak grabatu.

Urteetan zehar hainbat musikarik hartu du parte 12 Tribu taldean. Duela pare bat urte taldea
berritu egin zuten, eta gaur egun honako hamabi kideek osatzen dute: Miren(ahotsa), Txato (bateria), Ladis (baxua), Galo (gitarra), Zuzu (gitarra), Imanol (teklatua), Oihana (teklatua eta koruak), Txar Lee (saxofoia eta koruak), Ekain (saxofoia), Etxaniz (tronboia), Ibar (tronpeta-koroak) eta Asier (perkusioa). "Taldekideen joan-etorria izan den arren, taldea da estiloa definitzen duena. Eta roots reggaea jotzen jarraitzen dugu", dio taldekide berrietako bat den Iñigo Etxanizek.

Hori horrela, biharko kontzertuan betiko 12 Tribu taldeaz gozatzeko aukera izango da, baina aurpegi berriekin; lehenak izango dira jotzen, eta, ondoren, Adabegi ariko da. Formazio berriarekin duela urtebete egin zuten debuta, Azkoitiko Matadeixen. Jarraian, beste batzuk etorri ziren: Azpeitiko Auzo Rock jaialdia etaTolosako Bonberenea, besteak beste. Duela hilabete, Freedom sounds diskoaren plazaratzearekin batera, Azkoitiko plazan izan ziren, eta
sanpedroetan, berriz, Orion.

Betiko estiloarekin fidelak badira ere, aldaketa nabarmenak atzeman dakioke egungo 12 Triburi. Alde batetik, oraingo abeslaria emakumezkoa da, eta bestetik, abesti berrietan euskarari
eman diote lehentasuna. "Oraindik zuzenekoetan jotzen ditugun abesti gehienak ingelesez dira, baina duela urtebete dena euskaraz egitea erabaki genuen. Orain, hiru abesti jotzen ditugu euskaraz, baina lantzen ari garen abesti berriak euskaraz dira, eta etorkizun gertuko diskoa ere euskaraz izango da",nabarmendu du Etxanizek. "Jendeak ere eskatzen zigun, eta hala egin dugu", gehitu du.

Taldeko lehengo abeslaria King Konsul zuten, baina, gaur egun, Chalwa Band eta Revolutionary
Brothers taldeekin dabil. Haren ordez, Miren Loinazek hartu du taldeko mifrofonoaren ardura.
"Ez da oso ohikoa reggae talde batean emakume bat izatea abeslari, baina jaso ditugun iritziak aldekoak izan dira. Nolanahi ere, aldaketa nabarmena da".

Urte bukaeran, grabatzera

Argitaratu berri duten disko berria, nolabait esateko, zaharra geratu da. Edonola ere, formazio
eraberritua ez da besoak gurutzatuta geratu, eta abesti berriak urte bukaeran grabatu nahi dituztela aurreratu du Etxanizek. Santanderren (Kantabria, Espainia) egin nahi dute grabazio-prozesua, Roberto Sanchez ekoizlearen eskutik. "Reggae musika jasotzen iaioa da, eta azken diskoa bezalaxe, harekin egingo dugu lan berria ere".

Orain arte, estudioko lau disko eta zuzeneko lan bat kaleratu ditu 12 Tribuk: Who's your leader
(1999), In it together (2002), Rebel inna Nazarin Street (2005), Reggae Gaua-Matadeixe (zuzenekoa, 2011) eta Freedom sounds (2012); azken bi diskoak, ordea, 2009an grabatu zituzten.