Realak eta Eibarrek lagunarteko partida jokatuko dute asteazkenean, Garmendipen

Uztarria.eus | Kirolak | Artikulua
2012-07-13 11:20

Partida 19:00etan hasiko da, baina aurretik Mikel Aranburu futbolari ohia omenduko dute. Sarrerak bihartik aurrera jarriko dituzte saltzen.

Datorren asteazkenean, hilak 18, Realak eta Eibarrek lagunarteko partida jokatuko dute Garmendipen. 19:00etan hasiko da norgehiagoka, eta partida hasi aurretik Mikel Aranburu azpeitiar futbolari ohia omenduko dute, Herritarron omenaldia Mikeli lelopean. Lagun Onak Futbol Taldeak esan duenez, "Azpeitiko kirolaren eta, batez ere, futbolaren ikur izan da Aranburu urte hauetan, kirol arloan emandako mailagatik eta erakutsitako baloreengatik". Gaineratu dutenez, "zelai barruan eta kanpoan adibide izan da eta herritarron omenaldi beroa merezi du". Hori dela-eta, herritar guztiak gonbidatu dituzte omenaldian parte hartzera.

Sarreren salmenta

Bihar, zapatua, jarriko dituzte partidarako sarrerak bazkideentzat salgai, 11:00etatik 13:00etara Garmendipen. Igandean ere ordu berdinean erosi ahal izango dituzte bazkideek soilik. Gainerakoek, uztailaren 16an, astelehena, 17an eta 18an izango dute sarrerak eskuratzeko aukera. Astelehenean eta asteartean 18:30etik 20:00etara jarriko dituzte sarrerak saltzen, eta asteazkenean, partidaren egunean, 17:30etik aurrera erosi ahalko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa