Corrugados Azpeitiako langileek grebarekin jarraituko dute

Uztarria.eus 2012ko uzt. 12a, 18:56
Gaur, osteguna, egin dute batzarra Corrugados Azpeitiako langileek, eta 232 bat lagun elkartu dira.

Gaur, osteguna, egin duten batzarra Corrugados Azpeitiako langileek, eta han erabaki dute grebarekin jarraitzea. Gainera, "enpresako zuzendaritzak seriotasunik ez" duela erakutsi eta haren "dimisioa" eskatu dute.

Bihar, ostirala, egingo dute hilabete greban Corrugados Azpeitiako langileek eta bihar bukatzen da Lana Erregulatzeko Txostena (LET) negoziatzeko epea ere. Langileek greba mugagabean jarraitzea erabaki dute gaur, osteguna, egin duten batzarrean, eta 232 bat lagun elkartu dira. ELA eta LABeko langileen ordezkariek esan dutenez, "negoziaketek ez dute emaitzik eman, enpresak ez du-eta jarrera aldatu". Azaldu dutenez, "enpresak espero zuen negoziatzearen kontra agertzea, baina hitz egiteko prest agertu gara bileretan. Hori bai, mahai gainean jarritako neurriak ez genituen onartzen, etorkizuna ez zuten-eta ziurtatzen". Espainiar merkatuan oinarritutako neurriak ezin dituztela onartu esan dute: "Espainian ez dago etorkizunik".

Enpresak "seriotasunik ez"

Langileen ordezkarien arabera, Corrugadoseko zuzendaritzak jakinarazi dio Lan Delegaritzari datorren abenduan beste neurri batzuk hartu ditzazkela. "60 langileren kaleratzerekin ez dela ezer bukatzen" esan dute enpresakoek: "Enpresa bideragarri izateko murrizketa gehiago eta kaleratzeko gehiago egin beharko dira".

Atzo, asteazkena, egin zuten langileen ordezkariek Lan Delegaritzan azken bilera, eta langileek euren ikuspuntua adierazi zuten: "Gurekin daude, eta esan digute gertatutakoaren inguruko txostena egingo dutela". Gainera, salatu dute Lan Delegaritzako ordezkariak arazoari irtenbidea ematen saiatu zirenean, "zuzendaritzaren ezezkoa jaso" zutela: "Arazoaren inguruko bitartekari lanak egiteko eskaini, eta ezetz esan zuen enpresak".

Azpeitiko zuzendaritzak "seriotasunik ez" duela erakutsi jakinarazi dute: "Eusko Jaurlaritzak iruzur egin digu, eta Foru Aldundiari eta Azpeitiko alkateari esker dakigu, dakiguna. Adarra jo diote Lan Delegaritzari, eta 5.000.000 euroko laguntza instituzioak inplikatzeko txantajea izan da", adierazi dute langileen ordezkariek. Gaia norabidez aldatzeko, "mehatxu eta salaketak erabili dituzte".

Guzti hori dela-eta, "zuzendaritzari dimititzeko" eskatu dio Corrugados Azpeitiako langileen gehiengoak.

Grebarekin aurrera

Itxura guztien arabera greba luzatu egingo da. Bihar, ostirala, hausnarketa eguna izango da Corrugados Azpeitiako langileentzat. "Antolakuntza berrindartzeko, hobetzeko eta taldeak antolatzeko", izango da. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, "gauzak ongi egitera goaz, hau luzatzera doa-eta. Aurrerantzean parte hartzen duen jendearekin kontatuko dugu, eta bulegoetako langileek-eta orain dute borrokara gehitzeko aukera".

Udan ere greba egingo dutela iragarri dute: "Norberak ikusiko du burua greban ala non daukan, etorkizuna ari gara-eta jokatzen. Gainera, garai txarra da instituzioei begira". Saninazioetan mobilizazioak egingo dituzte, eta "agertuko gara", gaineratu dute.

Nahia eta irtenbidea

Azpeitiko Corrugadoseko langileen gehiengoaren nahia da "enpresari serio batek hartzea altzairu fabrikaren gidaritza". Corrugados "bideragarria eta lehiakorra da eta Alfonso Gallardo saltzen ari dena ez. Zerrikeria horiek sufritzen langileak ari dira", salatu dute.

Arazoari irtenbidea "beste inbertsore batek" emango diola uste dute. Bestela, "bi urteko bizia du honek". Langileen gehiengoak eskatu dio Corrugados Azpeitiako zuzendaritzari dimititzeko: "egoera honen aurrean ez dute-eta aurpegirik eman".