Sahatsak saioa eskainiko du zapatuan Azpeitia Dantzan-en

Urola Kostako Hitza 2012ko uzt. 12a, 18:22
Asteartean larunbateko emanaldirako entseatzen, Soreasun. (JUAN LUIS LIZABE)

Bideko sentipenak lana aurkeztuko dute Soreasun, Azpeitiko Bandarekin eta Julian Barrenetxea Abesbatzarekin batera. Emanaldia 22:00etan hasiko da.

Azpeitia Dantzan-en baitako bigarren ikuskizuna izango da larunbatean, Soreasu antzokian, 22:00etan hasita. Sahatsa dantza taldeak Bideko ikuskizuna emanaldia egingo du, Azpeitiko Musika Bandarekin eta Julian Barrenetxea abesbatzarekin batera. Aste honetan, hiru taldeak entseguetan murgilduta daude buru-belarri.

Bideko sentipenak ikuskizuna 2012-2013 denboraldirako Sahatsa dantza taldeak prestatuta duen lana da. Baina, larunbaterako ikuskizuna moldatu egin dute, Azpeitiko Musika Bandarekin eta Julian Barrenetxea abesbatzarekin egiteko.

Sahatsako Juan Luis Lizabek zuzendutako dantza ikuskizuna, "ohitura zaharretan oinarritutako erakustaldia da, maiatzeko erreginak, ezpata dantzariak, erromeriak... jasotzen ditu". Musika aldetik, berriz, musika konpositore handien lanak joko dituzte, besteak beste, Sorozabalen Gernika eta Olaizolaren Euskaldunen Zortzikoa. "Baina, sormen berriak ere entzun ahal izango dira ikuskizunean, hala nola, edertasun handiko Orbaizeta eta Zortearen kolpeak, dio Lizabek. Azken batean, dantza tradizionalak eta berriak uztartuko dituen musika eta dantza ikuskizuna izango da larunbatekoa.