Labaka, Otaegi eta Aizpuru III.a erremonte profesionalean arituko dira

Uztarria.eus 2012ko uzt. 11a, 14:07

Ezkerretik hasita, Labaka, Aizpuru III.a, Otaegi eta Ezkurra II.a. (Oriamendi2010)

Hiru azpeitiarrek zapatuan, hilak 14, egingo dute Oriamendi2010 enpresarekin debuta, Galarreta pilotalekuan. Hiru pilotariek adierazi dutenez, "espero genuen jauzia ematea, baina ez hain azkar. Sorpresa izan da hain goiz debutatzea".

Erremonte profesionalera jauzia egingo dute hiru azpeitiarrek: Labakak (Azpeitia, 1991), Otaegik (Azpeitia, 1992) eta Aizpuru III.ak (Azpeitia, 1993). Oriamendi2010 enpresarekin arituko dira, eta datorren zapatuan, hilak 14, jokatuko dute aurrenekoz profesionaletan Hernaniko Galarreta pilotalekuan.

Hiru pilotariek adierazi dutenez, "espero genuen jauzia ematea, baina ez hain azkar. Sorpresa izan da hain goiz debutatzea. Gure artean hitz egiten genuen, eta abuztu bukaeran edo irailean debutatuko genuela uste genuen". Otaegirentzat "ametsa betetzea" da zapatuan profesional moduan jokatzea, eta Labakak "izugarrizko ilusioa" duela esan du. Aizpuru III.arentzat, berriz, "inoiz ez ahaztekoa izango da".

Zapatuan Ezkurra II.ak eta Labakak Otaegi eta Aizpuru III.aren kontra jokatuko dute, eta laurek izango dute aurreneko partida profesional mailan. "Entrenatu dugu batera eta partidak ere jokatuko ditugu, baina sekula ez gara aritu elkarren kontra partida ofizialetan".

Aizpuruk jakinarazi duenez, "beti izan dut erremonterako afizioa, aita ere erremontista profesionala izan zen-eta". Otaegik, berriz, "Azpeitian erremonterako afizio handia" dagoela eta "betidanik erakarri" izan duela kirol horrek esan du. Labakak adierazi du "futbolean-eta gehiago aritzen" zela, baina "erremontea probatu nuenetik hortan jarraitzen dut".