Euskal selekzioa nagusi Senegalekoaren kontra, Azpeitian

Uztarria.eus 2012ko uzt. 9a, 15:45
Parez pare ibili ziren bi selekzioak azken laurdenera arte. (Eli Aizpuru)

86 eta 74 nagusitu ziren Pablo Lasoren mutilak ostiralean, Azpeitian. Aldiz, atzo, igandea, Gernika-Lumon jokatu zuten bigarren partida, eta euskaldunek ezin izan zituzten garaitu senegaldarrak (66-82).

Joan den ostiralean jokau zuten euskal selekzioak eta Senegalekoak lagunarteko partida, Azpeitiko kiroldegian. 86 eta 74 nagusitu zen euskal selekzioa, taldeko jokoari esker. Partidan bi taldeak parez pare aritu ziren, baina laugarren laurdenean aurre hartu ahal izan zuten Pablo Lasoren mutilek. 

Atzo, igandea, jokatu zuten bigarren partida, Gernika-Lumon. Euskal selekzioko mutilek ezin izan zuten Senegaleko jokalarien ahalmen fisikoarekin, eta 66 eta 82 galdu zuten Lasoren mutilek.

Iraurgiko hiru jokalari aritu dira partidetan, eta Iraurgiko ordezkarien iritziz, "lan txukuna egin dute". Azpeitian, ondo ezagutzen duten lekuan, Casadok 13 puntu lortu zituen eta "berak dakien erritmo azkarra ezarri zuen Senegalekoen defentsa hausteko". Beñat Barberenak, lanak izan zituen aurrean zeuzkan pibotak geldiarazten, baina  9 puntu lortu eta errebote ugari eskuratu zituen jokatutako 20 minutuetan. Mikel Motosek, berriz, 3 puntu eskuratzeaz gain, lan ugari egin zuen defentsan.

Gernikan ere "bikain" ibili zen Casado esan dute Iraurgikoek; Javi Salgadorekin batera taldeko jokalari onena izan zen gainera. Barberenak, aldiz, ez zituen Azpeitiko neurketan bezain beste puntu sartu, baina 10 errebote eskuratu zituen. Hala, partidako errebotatzaile nagusia izan zen. Mikel Motosek 4 puntu eta 3 errebote lortu zituen jokatutako 17 minutuetan.