Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari hasierako onarpena aho batez eman diote udalbatzarrean

Uztarria.eus 2012ko uzt. 6a, 20:39

Bilduko eta EAJko zinegotziak izan dira alde bozkatu dutenak; Hamaikabateko Aitor Arangurenek ezin izan zuen bilkuran parte hartu. Plangintzari alegazioak aurkezteko epea irekita dago eta irailaren 21a arte luzatuko da. Prozedura guztia osatuta, behin betiko onarpena urtebete barru inguru ematea espero dute.

Maiatz bukaeran alkateak aurreratu zituen ildo estrategikoen gainean adostu dute, horrenbestez, datozen zortzi-hamar urterako hirigintza plangintza, ordutik hona kopuru batzuk gehiago zehaztu dituztela kontuan hartuta. Eneko Etxeberria pozik azaldu da gaur, ostirala, "neketsua, landutakoa eta gogorra" izan den prozesuaren buruan agintaldiko helburu nagusietakoa gauzatu dutenaren ustean. Plan berria onartzea "historikotzat jo" daitekela uste du. "Udalean sartu aurretik ere behin eta berriz esan genuen erabaki hau -Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartzea- estrategikoa zela, eta aho batez onartzea lortu da", nabarmendu du. Alkatearentzat "alderdi guztiak zoriontzekoa da, Udalaren plangintza inportanteena aho batez eta adostuta hartu delako".

Gainera, Bilduk hauteskunde programan jasotako proposamenari "literalki lotzen" zaio onartu dena, Etxeberriaren hitzetan. Baina, batik bat, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriak Azpeitiak bizi dun  "ziurtasun-ez juridiko izugarria" konpontzeko balioko duela nabarmendu nahi izan du alkateak. Azken Plan Orokorra 1992an onartu zuten eta, harrezkero, haren gainean aldaketa eta garapen puntualak egin izan dira. Azken hamarkadetan Azpeitian hirigintza arazoak "gatazka iturri" izan direla gogoratu du Etxeberriak. Horren adibide, 2007an Udalak onartutako Arau Osagarriak EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu izana. Erabaki horri helegitea jarri zion Udalak eta Espainiako Auzitegi Gorenak emango du azken erabakia. "Seguru gaude arauak baliogabetu egingo dituztela", berretsi du gaur Eneko Etxeberriak.

Aldagai berriak, etxebizitza gutxiago

Eneko Etxeberriak gaur berriro azaldu duen bezala, agintaldi honen barruan hirigintza plan berria zehazten aritu diren tartean, azken urtebetean, "aldaketa sakonak" eman dira herrian, eta horiek kontuan hartuta egokitu dute Hiri Antolamenduko Plan Orokorra. Eraikuntzaren eta etxebizitza salerosketaren krisiak, alde batetik, "etxebizitza kopuru askoz txikiagoa" aurreikustera eraman ditu, "eta egiten direnak babestutakoak eta tasatuak" izango dira neurri handi batean.

Horrela, 1.163 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute planean: 275 BOEak (babes ofizialekoak), 336 tasatuak eta 552 libreak. Kontuan hartu behar izan duten beste aldagai garrantzitsua Corrugados Azpeitia enpresaren egoera da. Orain dela urtebete, labea Lasaora, Trukutxoko eremura, eraman eta herrigunean libre geratuko zen eremua kontuan hartuta ari ziren egiten etorkizunerako hirigintza plana Udalean. "Hori materializatzea, momentu honetan, ez da posible. Ez dakigu labea tokiz aldatuko den", gogoratu du, ordea, alkateak. "Derrigorrean" etxebizitza berriak egiteko beste gune bat aurreikusi behar zutela eta, Esklabak-Iturzulo eremu aldera biratu dute herriaren hazkundea.

Hirigintza hitzarmena

Eta Esklabak-Iturzulo eremuan etxebizitzak eraiki ahal izateko, eremu horri dagokion eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren barruan kokatzen den hirigintza hitzarmenari ere hasierako onarpena eman zioten atzo, osteguna, udalbatzarrean, aho batez.

Eremu horretan lurrak dituen Leku Eder, SL enpresarekin egin du hitzarmena Udalak. Hitzarmen horren bidez, legez dagokion eraikitakoaren %15az gain 2,5 milioi euro jasoko ditu Udalak lur-sailetan, eta Esklabetako eraikina ere Udalaren jabetzakoa izango da. "Hitzarmena Udalarentzat oso ona da -esan du Etxeberriak-, aurrez eginda zeuden zirriborroetakoak baino askoz hobea".

Leku Eder, SL enpresak auzi bat baino gehiago jarria zuen Azpeitiko Udalaren kontra, hirigintza aferak tarteko, eta Loiolako etorbidea inguratzen duten eremuekin lotuta. Auzi horiek erretiratu egin ditu enpresak, baina hori hitzarmena negoziatzen hasi aurretik egin zuela azpimarratu nahi izan du Eneko Etxeberriak: "Hitzarmena xantaia judizialen truke ez zela inolaz ere onartuko argi utzi genuen. Aurrez erretiratu zituen auziak eta agiriak ditugu, hori frogatzeko".