'Bost geltoki historian 2012' eskaintza turistikoa aurkeztu dute

Urola Kostako Hitza 2012ko uzt. 6a, 17:18
Bailarako udaletako ordezkariak eta turismo arduradunak aurkezpenean, Ekainberriko atarian.

Azkoititik Zumaiara bitartean bisitatu daitezkeen lau guneak Loiolako santutegia, Azpeitian dagoen Burdinbidearen Euskal Museoa, Zestoan Ekainberri eta Zumaian Algorri interpretazio zentroa dira. Bosgarrena, berriz, lau tabernek osatuko dute eta horixe izango da 2012ko eskaintzaren berrikuntza nagusia.

Bost geltoki historian Urola bailarako turismo eskaintza aurkeztu dute gaur, uztailak 6, Zestoan, Ekainberri atarian. Urola bailaran, hogei kilometroren barruan, kokatzen diren lau gune bisitatuz, bisitariei bidaia bat egiteko aukera eskaintzen die proposamenak. Azkoititik Zumaiara bitartean bisitatu daitezkeen lau guneak Loiolako santutegia, Azpeitian dagoen Burdinbidearen Euskal Museoa, Zestoan Ekainberri eta Zumaian Algorri interpretazio zentroa dira. Bosgarren geltokia, berriz, Bai Azkoitia Batzokia (Azkoitia), Oñatz (Azpeitia), Fati (Zestoa) eta Kresala (Zumaia) tabernek osatzen dutena da. Osagarri gastronomiko hori da, hain zuzen, 2012rako eskaintzaren berrikuntza nagusia

Turismoko eskaintza honetan lau guneak bisitatzeko sarrera bateratua jarri dute aukeran, 8,5 euro ordainduta; hau da, lau guneen sarreren prezioen baturaren %50. Txartel horrek lau guneetarako sarrera eta taberna bakoitzean pintxo bat eta edari bat 1,50 eurotan hartzeko eskubidea eskaintzen du. Eskaintzaren epea, berriz, uztailaren 7tik abenduaren 9ra bitartekoa da. "Azkoititik Zumaiara Urola bailara ezagutzeko aukeraz gainera, bidaia historikoa egiteko aukera eskaintzen diegu bisitariei: historiako zenbait aro, pertsonaia edota une interpretatuz eta lehen eskutik ezagutuz", azaldu dute turismoko eskaintzaren aurkezpenean.

Txartelak honako tokietan eskuratu daitezke: Loiolako santutegiko turismo bulegoan, Ekainberriko txartel salmentako leihatilan edota turismo bulegoan, Zumaiako turismo bulegoan, Algorri Zumaiako Natur baliabideen interpretazio zentruan eta Azpeitian Burdinbidearen Euskal Museoan.