Piriniotara eta Otxagabiara irteerak antolatu ditu Lagun Onak-ek

Uztarria.eus 2012ko eka. 28a, 12:55

Helduek Piriniotara joateko aukera izango dute eta gaur, osteguna, bukatuko da izena emateko epea. Aldiz, gaztetxoentzako Okabe eta Otxagabiara asteburupasa antolatu dute. Han trikuharriak eta megalitoak ikusteko aukera izango dute, besteak beste.

Lagun Onak Mendi Bazkunak bi irteera antolatu ditu astebururako. Helduek Pirinioetara joateko parada izango dute ostiraletik igandera bitartean. Gran Fachako zeharkaldia egiteko asmoa dute. Ostiralean 19:00etan abiatuko da autobusa plazatik.

Mendi elkarteko bazkideek 65 euro ordaindu beharko dute, langabetuek eta ikasleek, berriz, 55 euro. Gainontzekoei 70 euro kostako zaie. Izena mendizaleen tabernan edo lagunonak@euskaltel.net eman behar da, eta gaur, osteguna, bukatuko da horretarako epea.

Gaztetxoentzako ibilaldia ere antolatu dute astebukaerarako. Ekainaren 30etik uztailaren 1era Okaben eta Otxagabian izango dira. Antxieta Arkeologi Taldeko kideak ere bertaratuko dira Okabeko megalitoak ikustera.

5 eta 7 urte bitarteko gaztetxoek 27 euro ordaindu beharko dute asteburupasa. 8 eta 10 urte bitartekoek, aldiz, 30 euro. 11 eta 15 urte bitartekoek 33 euro ordainduko dute. Ibilaldira joan nahi duten helduek 36 euro ordaindu beharko dute. Diru kopuru horrekin afaria, lo egitea, gosaria eta bazkaria ordainduta izango dituzte.