Ibarguren txapeldun, kadete mailako Euskadiko proban

Uztarria.eus 2012ko eka. 20a, 14:33

Atracciones Sanz taldeko Unai Orbea sailkatu zen bigarren, asteburuko txapelketan.

Oier Ibarguren azpeitiar txirrindulariak irabazi du kadete mailakoen Euskadiko Txapelketa. Joan den zapatuan izan zen proba Urdulizen, Bizkaian. Atracciones Sanz taldeko beste txirrindulari batek egin zuen bigarren: Unai Orbeak. 

Hasieratik bi azpeitiarrak buruan jarri ziren. Aurretik, hamalau txirrindularik osatutako taldetxoa zuten. Ibargurenek zein Orbeak aise hartu zieten aurrea, eta biek soilik egin zuten ihes tropeletik. Hamar kilometro falta zirela eta Gatikako mendateko bigarren itzulia egiteko zutela, azpeitiarrek 20 segunduko errenta txikiari heltzea lortu zuten, "inolako oztoporik gabe". Biak batera, erreleboka, gerturatu ziren helmugara. 100 metro falta zirela, txapelketagatik lehiatzea erabaki zuten. Esprintean Ibarguren nagusitu , eta Orbea, ondorioz, bigarren postuan helmugaratu zen. Eguna borobiltzeko, gainera, Ibarguren bera izan zen mendiko probako garailea.

Ekainean Gipuzkoako txapeldun izan zen Ibarguren.