Carlos Ormazabal: "Konponduta zegoen arazo bat berriro mahai gainean daukagu"

Uztarria.eus 2012ko eka. 15a, 19:22
Pello Elorza, Azpeitiko Uri Buru Batzarreko lehendakaria, eta Carlos Ormazabal, hitzaldiaren hasieran.

Ingurumeneko foru diputatu ohi jeltzaleak aurreko agintaldian hondakinen kudeaketarako hartutako erabakiak eta errauskailuaren beharra defendatu zituen asteazkenean Sanagustinen.

Gipuzkoako hondakinen kudeaketa hizpide izan zen berriro herenegun, asteazkena, Sanagustinen. Azpeitiko EAJk antolatuta, Carlos Ormazabal foru diputatu jeltzale ohiak hitzaldia eman zuen bertan, bere alderdiak gaiaren inguruan dituen iritzi eta irizpideak azalduz. Aurreko agintaldian hondakinen kudeaketarako hartutako erabakiak eta errauskailuaren beharra defendatu zituen Ormazabalek, eta oso kritiko agertu zen egungo Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiekin eta aurkeztu duten hondakinen kudeaketarako estrategia berriarekin. "Konponduta zegoen arazo bat berriro mahai gainean daukagu", esan zuen. Plan berria onartzea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari ez dagokiola adierazi zuen diputatu ohiak, erakunde hori "errauskailua martxan jartzeko sortu" zelako.

"Ez da egia", esanez hasi zen Ormazabal, "atez atekoa errauskailuaren alternatiba denik, ez dio bukaera ematen prozesuari". "Bilduk inposatu nah" duen bilketa-sistema gaitzetsi zuen eta sistema hori dagoeneko ezarri den herrietako birziklatze datu onak "zaborraren turismoa" delakoarekin lotu zituen: "Datu ofizialak oso onak dira. Extraofizialki, ordea, datu ofizialekiko zalantza asko dago. Zaborraren %40a 'desagertzen' da zaborraren turismoa ematen delako, zaborrak aldameneko herrietara eramaten dituztelako. Orduan, gutxiago jasotzen denez, berziklatzearen tasak gora egiten du". Diputatu ohiak "industria poligonoetarako egokia" ikusten du atez ateko bilketa, baina ez orokorrean. Aldiz, bosgarren edukiontzia -hondakin organikoena- bultzatu beharra defendatu zuen.

Ormazabalen esanetan, aurreko agintaldian Gipuzkoan onartu zen hondakinen kudeaketarako plangintza da Europako araudiekin bat datorrena. Birziklatu ezin diren hondakinak "desagerrarazteko" energia sortzeko balio duten errauskailuak dira gaur egun "aukerarik onena". Europako zenbait hiritako errauskailuen irudiak eta kokapena erakutsi zituen, Vienan edo Parisen "hiriaren erdi-erdian" daudela nabarmenduz. Horrela, errauskailuen kutsadura eta osasunerako balizko kalteak ezeztatu nahi izan zituen. Alderdi horri dagokionez, errauskailuak zabortegiak baino "eragin txikiagoa" duela esan zuen eta Alemaniako Berdeen txosten batetik ateratako aipamenak plazaratu zituen, haiek ere daudenen artean errausketaren alternatiba onesten dutela esanez. "Europan zer egiten ari diren azaltzen ari naiz bakarrik, ez errausketaren apologia egiten".

Egungo foru gobernuak aurkeztu duena "erdibideko irteera" dela esan zuen Ormazabalek, eta izan ditzakeen emaitzak zalantzan jarri zituen. "Bilketa selektiboan ez da dena birziklatzen", gogoratu zuen. Birziklatu ezin diren hondakinei eman nahi zaien irtenbidea, "harrobiak betetzeko erabiltzea", berriz, "zabortegi berriak" sortzea dela uste du, "eta hori Europako aginduen kontra doa".