"Interes orokorrak eta pertsonalak uztartu behar" direla erantzun die Udalak alde zaharreko dendariei

Uztarria.eus 2012ko eka. 13a, 20:48

"Gure aldetik, elkarlana sustatzen jarraituko dugu merkatariekin, eta are indar gehiago jarriko ditugu merkatarien eskaerei erantzuteko eta laguntzeko", diote udal arduradunek, merkatariek plazaratutako kezka eta eskarien aurrean.

Alde zaharreko dendariek atzo, asteartea, komunikabideetara igorritako oharrean plazaratu zituzten kezka eta eskariei erantzuna eman die Udalak, beste ohar baten bidez.

"Interes pertsonal eta orokorrak uztartu behar" direla dio Udalak, interes ekonomikoak eta urbanistikoak beti norabide berean ez doazela kontuan hartuta. Alde zaharrean "interes desberdinak" dituzten kolektiboak daudela -bizilagun, merkatari eta tabernariak aipatu dituzte-gogora ekarri dute Udaletik eta, "tamalez" urte askoan interes horiek "kontrajarriak" izan direla. "Dinamika hau hautsi beharra dago -diote udal arduradunek-, eta alde zaharreko nahiak eta interesak bateratzearen aldeko apustua egin behar dugu, ahal den neurrian".

Dendariek alde zaharrean "kaleak hutsik" daudela nabarmendu dute eta bere garaian gaizki egindako oinezkotze prozesuari egotzi diote egoera. Udala haratago doa: "Kaleak hutsik egotearen arrazoi ekonomiko, sozial eta politikoak sakon hausnartu beharko genituzke eta bakoitzari, dagokigunean, autokritika egitea suertatuko zaigu. Baina ez alde zaharrekoei soilik, ez baitira hauek egoera honetan sufritzen ari diren merkatari bakarrak".

"Gure aldetik, elkarlana sustatzen jarraituko dugu merkatariekin, eta are indar gehiago jarriko ditugu merkatarien eskaerei erantzuteko eta laguntzeko", diote udal arduradunek.