Angel Otaegiren senideek hilaren 20tik aurrera eskatu ahal izango dituzte kalte-ordainak

Uztarria.com, Berria 2012ko eka. 13a, 14:03

1960. eta 1978. urteen artean estatuaren gehiegikeriak jasandako biktimei aitortza eta ordaina emateko dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Biktima gisa aitortu dituzte 1975ean, frankismo garaian, fusilatuak izan ziren Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi. Otaegiren familiak esan dio Urola Kostako Hitza-ri "inoiz ez da berandu"

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du 1960 eta 1978. urteen artean estatuaren gehiegikeriak tarteko, giza eskubideen urraketen biktima batzuei aitortza eta kalte ordainak emateko dekretua. Hala, 1975ean, frankismo garaian, fusilatuak izan ziren Jon Paredes Manot Txiki zarauztarraren eta Angel Otaegi nuarbetarraren senideek kalte-ordainak eskatu ditzakete. Urola Kostako Hitzak Otaegiren familiakoekin hitz egin du, eta "pozik" azaldu dira beraien senitartekoa ere biktima bezala hartu dutelako.

Ekainaren 20tik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte euren eskaerak biktima gisa onartzena nahi duten pertsonek eta Otaegiren familiak adierazi du eskaera egin egingo dutela. "Oso gustura" jaso dute dekretuaren berria, "garaia zen", esan dute: "Beti alde bereko biktimak errekonozitu izan dituzte, eta gu ere biktimak gara eta hala agertzea pozgarria da". Eusko Jaurlaritzaren izenean pertsona bat beraiekin harremanetan jarri dela gaineratu dute senitartekoek, baina oraindik ez dira bildu.

Dekretuaren helburua da "estatuaren biktima izan direnek sufritutako injustizia aitortzea". Era berean, ordea, ez dira "sufrimendu bidegabetzat" hartuko "ekintza biolentoak" egiten ari zirela zauritutakoak edo hildakoak, bai eta heriotza edo zauriak indarkeriazko ekintzak saihesten ari zirenean jasan zituztenak ere. Horrela, Jaurlaritzak dekretutik kanpo utzi ditu bonba bat jartzen ari zirela hildako etakideak edo tiroketetan hildakoak.

Ordainak, dirutan

Kalte-ordainak, dirutan zenbatuta, 35.000 eta 390.000 euro bitartekoak izango dira: heriotzagatiko kalte-ordaina 135.000 eurokoa izango da, baliaezintasun handiko kasuetan 390.000 eurokoa, ezintasun iraunkor erabateko kasuetan 95.000 eurokoa, ezintasun iraunkor osoaren kasuetan 45.000koa, partzialen kasuan 35.000koa eta baliaezintasun gabeko lesio iraunkorren kasuan TAS/1040/2005 aginduan zehazten direnak aplikatuko dira.

Dekretuaren baldintzak betetzen dituztela uste duten herritarrek aukera hauek dituzte eskaerak egiteko: Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri daitezke 945 01 91 05 telefonora deituta, derechos-humanos@ej-gv.es helbidera idatzita edo zuzenean Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta bulegoetan zein zerbitzu bera eskaintzen duten udaletara joanda.

Eusko Jaurlaritzak egindako txostenean errekonozimendua jaso lezaketen hildako 62 pertsonen izenak agertzen dira, eta haietako batzuen senitartekoekin harremanetan jarri dira dagoeneko.

Hemen, dekretuaren nondik norakoak.