"Kaleak hutsik" daudela eta, alde zaharreko merkatariek neurriak hartzeko eskatu diote Udalari

Uztarria.eus 2012ko eka. 12a, 17:17

Erdikalea ez beste kaleak arratsaldez trafikoari irekitzea, plazan TAO-a doan izatea eta arratsaldez Soreasuko parkina doan izatea eskatu dute. "Egonezina" adierazi dute, bestalde, tabernariei toldoak jartzeko eman zaien "presazko baimena" dela eta.

"Momentuko" eta "epe laburreko" neurriak eskatu dizkiote Udalari alde zaharreko dendariek. "Kaleak hutsik" daudela diote eta "bere garaian gaizki eginiko peatonalizazio" lanari egozten diote arrazoia.

Prentsa ohar bidez eman dute euren kexen eta kezken berri dendariok: "Alde zaharrean 50 denda eta 100 langile baino gehiago izanik, gure negozioak kolokan ikusten ditugu. Horrela jarraituz gero, alde zaharra dendarik gabe gelditzeko arriskuan ikusten dugu", diote. Eta neurri zehatzak proposatzen dizkiote Udalari: Erdikalea ez beste kaleak arratsaldez trafikoari irekitzea, plazan TAO-a doan izatea eta arratsaldez Soreasuko parkina doan izatea.

Proposatzen dituzten neurri horiek "inolako kosturik ez" dutela diote dendariek eta, aitzitik, beraientzat "onuragarriak" izan daitezkeelakoan daude.

Tabernetako toldoak

Udalak alde zaharreko tabernetan toldoak jarri ahal izateko eman duen "presazko baimena" dela-eta "egonezina" ere adierazi dute alde zaharreko dendariek. Udal arduradunek ordenantzaren aldaketa "tabernariak egoera oso tamalgarrian daudela argudiatuz" azaldu izana ez zaie bidezkoa iruditzen, dendariak ere "egoera berdinean aurkitzen" direlako. Erabakia hartzeko modua ere kritikatu dute dendariek. "Horrelako erabakiak hartu aurretik ezinbestekoa iruditzen zaigu denon artean adostasun batera heltzea, eta ez inposaketa batera", diote, bizilagunen, tabernarien eta merkatarien parte-hartzea aipatuta.