Corrugados Azpeitiak ekainetik aurrera beste 60 kaleratze egingo dituela iragarri die langileei

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko eka. 7a, 19:50
Corrugados Azpeitiako langileak lantegi atarian elkartu dira, batzarraren ondoren.

Langileen batzarrak astebeteko greba egitea erabaki du, ekainaren 15etik 22ra. LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek kezkatuta hitz egin dute: "Orain 60 dira, baina udazkenean edo udaberrian zer etor daitekeen inork ez daki". Enpresaren zuzendaritzarekin ez ezik, erakundeekin ere oso kritiko azaldu dira.

Otsailaren bukaeran Corrugados Azpeitia enpresako LAB eta ELAko langileen ordezkariek iragarri zutena bete egingo dela ematen du: aurtengo ekainean enpresatik beste 60 langile kaleratuko zituztela esan zuten orduan. Gaur, enpresako zuzendaritzak asmo hori duela salatzera atera dira Enpresa Batzordekoak lantegi aurrera. Momentuz, enpresaren asmoen berri ahoz bakarrik jaso dutela esan dute Enpresa Batzordeko kideek. "Agiri denak aste honen hasierarako emango zizkigutela esan ziguten, baina oraindik ez digute ezer eman".

Langileen batzarra egin ondoren atera dira komunikabideekin hitz egitera eta, batzar horretan, astebeteko greba egitea erabaki dutela iragarri dute, ekainaren 15etik 22ra (bi egun horik barne direla); 175 aldeko botorekin, kontrako 68rekin eta bi boto baliogaberekin hartu dute erabakia, hain zuzen. Aurrera begira neurri gogorragoak hartzea ere ez dute baztertu, "egoera ez bada aldatzen eta jendea prest badago".

Enpresaren zuzendaritzak 60 langile kaleratzeko asmoa du; hala 245 langile geldituko dira lantegian. 305 langile ditu gaur egun Corrugados Azpeitiak, langileen ordezkari sindikalek emandako datuen arabera. Kaleratzeez gain bestelako murrizketa neurririk ez dietela aipatu ere esan dute langileek.

Urte honen hasieran 100 langile kaleratu zituzten. 87 boluntario bezala aurkeztuta, eta gainontzekoak enpresak erabakita. Orduan, LAB eta ELAko langileen ordezkariek azaldu zutenez, askok euren burua boluntario zuzendaritzaren presiopean aurkeztu zuten.

Enpresak hitza jan

Enpresak martxoaren hasieran emandako hitza jan egin du. Orduan, Alfonso Gallardo Taldeko Manuel Romero ordezkariak "langile gehiago ez kaleratzea" aurreikusten zutela esan zuen. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bildu ondoren egin zituen adierazpenak. Horrez gain, instituzioekin lortutako akordioari eutsiko ziola adierazi zuen. Hitzarmenean, Lan Delegaritzak 100 langile kaleratzeko baimena eman zion enpresari, eta gainontzeko langileak 2016ra arte mantentzera behartu zituen.

Joan den martxoaren hasieran Corrugados Azpeitia enpresaren bideragarritasun planaren jarraipen batzordea jarri zuten martxan. Orduan, Azpeitiko lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko Eusko Jaurlaritzak parte-hartze kredituetan bost milioi euro eman zizkion Gallardo Taldeari.

Langileen haserrea

Enpresa Batzordeko ordezkari sindikalek enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lotutako hitzarmenak lantegia eta langileak babesik gabe uzten dituela salatu dute komunikabideen aurrean. Hala esan du LABeko Esteban Kanposek: "Gallardori bost milioi euro eman zizkioten erakundeek, ondainketa-eteterik ez egitearen eta Azpeitiko enpresa ez ixtearen truke. Ordainketa-etetea emanez gero, Diputazioak eta Jaurlaritzak emandako dirua itzuli egin beharko luke Gallardok. Baina, nola itzuliko du dirua, ordainketak eteten baditu? Eta hori da guk salatu nahi duguna: Gallardo jaunak eraman duela euskal herritarron dirua, eta Diputazioak eta Jaurlaritzak ez dutela ezer lotu, ez gutxieneko langile kopururik, ez ezer. Eta orain 60 dira, baina udazkenean edo udaberrian zer etor daitekeen ez dakigu".

Lan-eskaerak badituztela eta Azpeitiko gerentziak hala baieztatu diela esan dute langileen ordezkariek; eskaerak aurrera ateratzeko txatarra da falta dutena, "Gallardok ez duelako txatarra ordaintzen". ELAko Andoni Eizmendiren ustez, ekoizpena murriztearena "enpresaren erabakia da, erabaki politikoa"

Eizmendiren arabera, "Eusko Jaurlaritza langileoi eta zergadunoi iseka egiten ari zaigu. Lau urte daramatzagu soldatak izoztuta, eta langileok jasotzen ez dugun diru hori enpresaren eskuetan geratzen da. Lana Erregulatzeko txostenak eta suspentsioak jasaten ari gara eta lan-orduak gehitzea proposatzen digute. Zertarako, lanik ez badago? Ba langile gehiago kaleratzeko eta plantilla murrizteko".

Informazioa eta konponbidea

Informaziorik eza ere salatu dute gaur langileek: "Badakigu jarraipen batzordeak bi bilera egin dituela. Gu ere batzartu gara Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin eta esan digute bi akta daudela, baina sinatu gabe, eta sinatzen dituztenean emango dizkigutela. Bitartean, daukagun informazioa zero da, ez digute inolako informaziorik ematen", esan du Esteban Kanposek. Andoni Eizmendik ere Azpeitiko lantegiaren etorkizunaren inguruko "gardentasun falta" salatu du. "Ez dakigu lantegiak aurrera egingo duen, itxi egingo duten, kaleratze gehiago egongo den... Ziurgabetasun horrek akabatu egin behar gaitu".

Egoera jasaingaitza bilakatzen ari dela diote langileek eta "baten batek neurriak hartu" beharko dituela. Bihar zortzi hasiko den grebarekin erakundeei eta enpresaren zuzendaritzari oharra bidali nahi diete. "Informazio guztia mahai gainean jarri eta enpresaren etorkizuna argitu dezatela", eskatu dute.