Azpeitiko Areto Futboleko neskak, Gipuzkoako txapeldun

Uztarria.eus 2012ko mai. 29a, 20:35
Azpeitiko Areto Futboleko jokalari, entrenatzaile eta laguntzaileak, irabazitako garaikurrekin.

Berastegiko taldea 5-1 hartu zuten menpe Ligaren Udaberriko finalean eta, Neguko txapelketa ere beraiek irabazi zutenez, txapelketa bereganatu dute. Ekainaren 17an Euskal Herriko Txapelketaren finala Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute, Bizkaiko eta Arabako txapeldunen kontra.

Azpeitiko Areto Futboleko emakumezkoen senior taldeak Gipuzkoako Liga irabazi du. Liga bi txapelketatan banatuta jokatu dute eta bietan nagusitu dira azpeitiarrak. Joan den zapatuan, hilak 26, Ligaren Udaberriko Txapelketaren finala jokatu zuten Errenteriako Galtzaraborda kiroldegian eta, partida emaitzak adierazten duena baino estuagoa izan arren, 5 eta 1 nagusitu zitzaion Azpeitiko Areto Futbol taldea Berastegikoari. Horrenbestez, eta Neguko Txapelketa ere azpeitiarrek irabazi zutenez, liga erabakitzeko finala jokatu beharrik ez dute izan eta txapela zuzenean etorri da Azpeitira.

Errenterian bi garaikurrak jaso zituen Azpeitiko taldeak, Negukoa eta Udaberrikoa. Gainera, Ana Pavo taldekideak ligako goleatzaile onenaren saria jaso zuen.

Euskal Herriko finala, Azpeitian

Gipuzkoako Liga irabazita, orain Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute Azpeitiko Areto Futboleko neskek. Eta txapelketa hori Azpeitian erabakiko da, gainera. Ekainaren 17an, 11:00etatik aurrera, herriko kiroldegian jokatuko dute, Bizkaiko eta Arabako ligetako txapeldunen kontra.