Nuarben saldu gabe gelditu diren hiru etxebizitza alokairuan eskainiko ditu orain Etorlurrek

Uztarria.eus | Hirigintza | Artikulua
2012-05-24 17:13

Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko enpresa publikoa da Etorlur. Nuarbe sarreran eraiki zituzten sei atxikitako etxebizitzetatik hiru bakarrik saldu dituzte. Hutsik jarraitzen duten beste hirurak hilean 450 euroko alokairuan eskainiko dituzte. Interesa dutenek etxebizitza gabezia izan beharko dute eta Gipuzkoan erroldatuta egon beharko dute azken hiru urteotan. Urteko sarrera ponderatuak jaitsi egin ditu Aldundiak; 9.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenek izango dute izena emateko aukera.

Nuarbeko herrigune sarreran daude Etorlurrek eraikitako etxebizitzak, lehen Kamineroen etxea zegoen tokian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Nuarbeko hiru etxebizitzen eskaintza berria aurreko legealdian Etorlurrek egindako zenbait sustapenetan saldu gabe gelditu ziren beste etxe eta bulego batzuenarekin batera iragarri du Foru Aldundiak; tartean, Nuarbekoen sustapen berean Beizaman eraiki zituzten etxebizitzetako bat dago. 2006ko azaroan hasi zituzten etxeak eraikitzeko lanak. Hasierako salmenta baldintzak aldatu zituen 2008an Etorlurrek aurreneko aldiz, etxeak ezin zituelako saldu.

"Estrategia aldaketa gauzatu du gobernu honek Etorlur enpresa publikoan. Eredu berria martxan jarri dugu, sustapen politikei dagokienean. Horretarako, espekulazioari ateak itxi egin nahi izan dizkiogu. Gipuzkoarren eta Gipuzkoako jarduerak sustatzeko zerbitzua eskaini nahi dugu aurrerantzean", azaldu du Juan Carlos Alduntzin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, aurreko legealdiko sustapenetan saldu gabe gelditu ziren eraikinak bideratzeko abiatu duten estrategia berria azaltzerakoan. "Eraikin horiek ez ziren inorentzako. Mantentzea gastua baino ez da izan Aldundiarentzat. Arazoa begi bistakoa da", gaineratu du.

Alduntzinek uste du alokairuak martxan jartzeak emaitza positiboak ekarriko dituela, ondasun horiek "gastu hutsa izateari utziko" diotelako, eta alokairuak "arrazoizko preziotan" eskainiko dituztelako. Hain zuzen ere, Nuarbeko hiru etxebizitzak hilean 450 euroko alokairuan eskainiko dituzte. Interesa dutenek etxebizitza gabezia izan beharko dute eta Gipuzkoan erroldatuta egon beharko dute azken hiru urteotan. Urteko sarrera ponderatuak jaitsi egin ditu Aldundiak; horrela, 9.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenek izango dute izena emateko aukera.

Nuarbeko zein Beizamako etxebizitzen inguruko informazioa eta izena emateko baldintzak Etorlurren webgunean jarriko dituztela iragarri dute Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek. Momentuz, ordea, Beizamakoarena bakarrik dago han.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia faborez | 2012-05-24 : 22:46

Oso ondo iruditzen zait diputaziyuek egin duna. Ze oiñ etxie erosteko eztakeu diruik eta bankuek ere kredituik eztebe ematen... nik uste babes ofizialeko, tasatu etaabarren garaye buka dala ( euskal herriyen leku askotan babeseko etxiek ezin saldute dabiltze ). segi dezatela bide hau sakontzen.

Erabiltzailearen aurpegia faborez | 2012-05-24 : 22:48

hala ere 450€eko alokairua izengo dula jartzen du eta hori ez al luke izen behar alokairuan sartzen denak irabazten duenaren arabera?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa