Sanisidroak ospatuko dituzte Aratzerrekan asteburuan eta asteartean

Uztarria.eus | Festak | Artikulua
2012-05-11 17:34

Gaur eta bihar, ostirala eta zapatua, musikaz lagundutako ohiko poteoak eta afariak izango dituzte. Nobedade bezala, zezen-ikuskizuna ere prestatu dute; frontoian egingo dute zapatuan, 18:00etatik aurrera. Asteartean, maiatzaren 15ean, zaindariaren eguna ospatuz bukatuko dituzte festak.

Festarako gogoa duenak giro aproposaren faltarik ez du izango egunotan Aratzerrekan. Sanisidroak gaur, ostirala, hasiko dira eta hiru egunetarako prestatu dute festa egitaraua, ostiral, larunbat eta astearterako; azken hori, maiatzaren 15a, da San Isidro eguna, eta zaindariaren egunarekin argutuko dituzte aurtengo festak.

Urteroko moduan, duten taberna bakarraren bueltan gauzatuko dute batik bat egitaraua, antolakuntzako Luis Mari Kerejetak azaldu duenez. "Horixe daukagu eta horrekin moldatu behar!". Bertako jendea ez ezik, Azpeitia aldetik ere "bi edo hiru koadrila urtero" azaltzen direla dio, "eta afalondoan gehiago ere bai. Egundoko saltsa sortzen da, ostiral eta zapatu gauetan".

Mahaiaren bueltako jan-edanaren eta trikiti doinuen bueltan egiten dute festa Aratzarrekan urtero eta aurten ere ez da halakorik faltako. Hala ere, urtero saiatzen dira berrikuntzaren bat sartzen, eta aurten ere egin dute: zezen-ikuskizuna antolatu dute zapatu arratsalderako, frontoian, festen antolatzaileak beraiek 'torero' direla. "Ez dakit zenbaterainoko 'teatroa' egingo dugun, baina uste dut arratsalde-pasa polita irtengo dela". Zezen txikiak eta poniak ere izango dituzte ondoren eta "umeekin-eta etortzeko polita izango dela" uste du Kerejetak.

Zapatutik iganderako goizaldean, berriz, sanisidroetan klasiko bihurtu den lehiaketa "xelebrea": arrautza egosi jana. "Lehen -azaldu du Luis Mari Kerejetak- afaldu aurretik jartzen genuen, baina afaltzeko gogorik gabe gelditzen ziren asko, betekadarekin. Orain, ordubata aldean egiten dugu eta berdinduago egoten da kontua".

Egitaraua

Ostirala, maiatzak 11:

  • 19:30: Txupinazoa.
  • 20:00: Poteoa
  • 21:00: Afaria. Afalordua eta afalondoa girotzeko, Hitzeder eta Lidiaren soinu eta pandero doinuak.
  • 03:00: Baratzuri zopa jana.

Zapatua, maiatzak 12:

  • 09:30: Suziriak.
  • 10:00: Mendi buelta: Izazpi-Paotxeta-Samiño.
  • 18:00: Zezen-ikuskizuna. Sanisidrotako feria. Lopeneren bi zezen toreatuko ditu Jabier 'Niño de Ibarrola' toreroak, Txikiye de la Kapea banderillero eta Loiolako Santxo Pantza pikadore bezala lagun dituela. Korridaren ostean zezen txikiak eta poniak izango dira, umeentzak.
  • 20:00: Triki-poteoa.
  • 21:00: Afaria, Xabier Etxaniz eta Iñigo Galdos soinujoleekin.
  • 01:00: Lehiaketa xelebrea: hiru arrautza egosi nork azkarrago jan. Saria: 30 euro eta dozena bat arrautza.
  • 03:30: Baratzuri zopa jana.

Asteartea, maiatzak 15. San Isidro eguna:

  • 09:00: Suziriak.
  • 12:00: Meza nagusia. Irteeran, biterreoa.
  • 14:30: Inguratzen direnentzat, bazkaria.
  • 20:30: Mami-jana eta, ondoren, afaria. Egun guztian zehar musikarik ez faltako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa